2023ko albisterik ikusienak ERRAN.EUSen

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 6a, 08:00

Atalka, alde handiarekin gainera, eskelen eta Merkatu Ttikiko iragarki sailkatuen atalak dira ikusienak ERRAN.EUSen. Eta albisteei dagokienez, ba al dakizu zein izan ziren joan den urteko irakurrienak? Urte osoko datuak kontuan hartuz, eskualdeko herritarren artean interes handiena piztu zuten hogei albisteen zerrenda osatu du TTIPI-TTAPAk.

1-Euri zaparradek kalte material handiak, errepide mozketak eta luiziak eragin dituzte Aranon, Beran eta Lesakan

Ez dute aise atzenduko maiatzeko egun euritsu hura Aranon, Beran eta Lesakan. Berako Zia errekaren ur goraldiak izugarrizko kalteak eragin zituen. Lesakan erortza batek ubide bat itxi eta horren ondorioz ura karrikara desbideratu eta 15 etxebizitza inguru kaltetu zituen. Eta Arano inkomunikatuta gelditu zen erortzek errepidea itxi baitzuten bi aldeetara, Goizueta aldera eta Hernani aldera.

2-Tximista batek jo ondotik, Barbereneko borda erre da Etxalarren

Ekainaren 5ean gertatu zen, arratsaldeko seiak aldera tximista sartu eta su hartu zuen Etxalarko baserriak.

 

3-Doneztebeko mendizale gazte bat hilik Pirinioetan

30 urteko emakumezko doneztebarra abuztuaren 7an hil zen, Monferrat tontorrean, Huescako Pirinioetan, 400 metroko altueratik erorita. Ezbeharrak atsekabe handia sortu zuen Donezteben eta inguruan.

 

4-Erortze baten ondorioz itxita N-121-A errepidea Sunbilla eta Igantziko Benten artean

Ekainaren 14ko goizaldean hiru ordu baino gehiagoz itxi behar izan zuten N-121-A errepidea Igantziko Benten eta Sunbilla artean, lur erortza bat izan zelako 56. kilometroan, Larrakaitz eta Basataundi tunelen artean. Bi noranzkoetan itxi behar izan zuten. Erortzak hiru ibilgailu harrapatu zituen, eta zauritu bat ere izan zen, baina arin zauritu zen.

 

5-Jose Luis Barberia 'Zili' Leitzako bertsolariaren heriotza

Gaixotasun baten ondorioz, martxoaren 14an zendu zen Jose Luis Barberia Villabona Zili Leitzako bertsolaria, 41 urte zituela. Hainbat bertsolari txapelketetan ibilitakoa zen: Nafarroako Bertsolari Txapelketetan, Mariano Izeta eta Xalto sariketetan, Bardoak Nafarroako Taldekako Bertsolari Txapelketan Leitzako taldearekin...

 

6-Nafarroako Bertsolari Txapelketan kantatzeari uko egin dio Xabier Silveirak

Nafarroako Bertsozale Elkarteak urriaren 10ean jakinarazi zuen Xabier Silveira bertsolari lesakarrak «bere borondate propioz» uko egin ziola Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartzeari. Urriaren 15ean, txapelketako hirugarren kanporaketan kantatzekoa zen Silveira, baina, txapelketari uko egin ondotik, Ainara Ieregik hartu zuen bere postua.

 

7-Lesakatik Bera aldera ateratzeko errepidean erortza

Lesakatik Bera aldera doan NA-1210 errepideko 43,7 kilometroan gertatu zen, abuztuaren 9an. Kanalak gainezka egin zuen eta erortza izan zen. Ondorioz, errepidea itxi behar izan zuten.

 

8-Maiatzeko udal hauteskundeetako zerrendak

Maiatzeko udal hauteskundeetara aurkeztutako zerrenden albisteak ere ikusmina sortu zuen. Eskualdean bortz udalerri gelditu ziren zerrendarik aurkeztu gabe: Arantza, Areso, Eratsun, Urroz eta Zubieta. Narbarteko kontzejuko hauteskundeetarako ere ez zen inor aurkeztu.

 

9-Arxuriko proiektua: «Gure lurra xehatua ez izateko beharrezkoa den guztia eginen dugu»

«Amorruz» mintzatu ziren urriaren 4an zugarramurdiarrak eta saratarrak Zugarramurdin egindako prentsaurrekoan. Azken astea «zainetan» bizitua zutela adierazi zuten, «Baztango Udalak Arxuriko kaskorat joateko kilometro bateko pista eraikitzeko baimena onartu zuela jakinda». Azkenean, Baztango Udalak uko egin zion Arxuriko bidea moldatzeko proiektuari.

 

10-Istripua bi autoren artean Berako Nabasturengo zentralaren parean

Azaroaren 11n bi bi autoren arteko istripua gertatu zen Nabasturengo zentralaren parean.

 

11-Goizuetako EH Bilduk taldeko argazkia atera du

Maiatzeko udal hauteskundeei begira, EH Bildu aurkeztu zen Goizuetan, eta TTIPI-TTAPAk maiatzaren 10ean taldeko argazkia argitaratu zuenean bisita aunitz izan zituen.

 

12-Kamioiaren eta autoaren arteko istripu larria Alkaiagan

Kamioi batek eta auto batek talka egin zuten irailaren 14tik 15erako gauerdian Alkaiagan, Beratik N-121-A errepiderako irteeran, 63. kilometroan. Autoaren gidaria hagitz larri eraman zuten Donostiako ospitalera.

 

13-Izpegiko bestak irailaren 22an eta 23an

Basaizeak, Baztango Gazte Asanbladak eta Erratzuko gazte batzuk antolatuta, lehenbizikoz Izpegiko bestak egin zituzten irailaren 22an eta 23an. Horren iragarpenak irakurleen artean interes handia piztu zuen ERRAN.EUSen.

 

14-Beintzako ostatuko terraza kentzea eskatuz salaketa

Beintzako ostatuko terraza kentzeko salaketa bat tarteko, irailaren 3an hainbat herritar atera ziren horren kontra. Honela adierazi zuten: «Gure ustez, ez du inongo zentzurik eta salaketa egin duenari herri giro bikain eta eder hori ez duela hautsiko erran nahi diogu».

 

15-Jaione Olazabal eta familiaren kontzertua

Jaione Olazabal, Jon Gurrutxaga eta haien lau seme-alabak Leitzako Herri Aretoko oholtzara igo ziren abenduaren 27an. Diskoa kaleratu dute eta bertan bildutako kantuak eskaini zituzten.

 

16-Arizkunen larriki zaurituta ospitalera eraman zuten emakumearen heriotza

Ezbeharra ekainaren 22an gertatu zen, Arizkungo plaza inguruan. Auto batek harrapatuta, 56 urteko emakume batek buruan kolpe handia hartu zuen, eta «hagitz larri» ospitalera eraman behar izan zuten. Ezin izan zuten deus egin.

 

17-Oronozko tunela hetsi eta trafikoa herritik desbideratua

N-121-A errepidera sartzeko biribilgunea egiteko lanak tarteko, tunela hetsi eta trafikoa herritik desbideratzen hasi ziren urte hasieran. Martxoan ireki zuten biribilgunea.

 

18-Azaroko udal hauteskundeetako zerrendak

Maiatzean zerrendarik aurkeztu ez zen herrietan, hauteskundeak egiteko bigarren aukera izan zuten azaroaren 26an. Bigarren deialdi horretarako zerrendak urriaren 25ean argitaratu zituzten eta horien berri eman zuen segituan TTIPI-TTAPAk. Ezustekoak izan ziren. Arantzan eta Zubietan herritarrez osatutako taldeaz gain, Aulki Zuriak taldeak aurkeztu zuen zerrenda; Eratsunen herritarren bi talde egin zituzten eta Areson eta Urrozen ez zen herritarren zerrendarik aurkeztu, baina Aulki Zuriak taldeak hautagaitza aurkeztu zuen.

 

19-Anita Aierdi Baraibar leitzarraren heriotza

Abenduaren 29an, 87 urterekin, zendu zen Anita Aierdi Baraibar. Leitzako Arkiskil auzoko Goiko bordan jaioa, herrian eta inguruan aski ezaguna zen, eta horren adierazle izan ziren sare sozialetan bera agurtuz hainbatek elkarbanatu zituzten mezuak.

 

20-Gazteen botoa eskatu dute Leitzako EH Bilduren zerrendako gazteek

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan Leitzako EH Bilduren zerrendan aurkeztu ziren gazte hautagaiei babesa emateko eta EH Bilduk Leitzan egiten duen eta eginen duen lanari bultzada emateko agerraldia egin zuten maiatzaren 12an Leitzako plazan. Xabier Gartzia Azpirotz eta Xabat Illarregi Marzol hautagaiek EH Bilduren aldeko botoa eskatu zuten, Itxaro Zabaleta Telleriarekin batera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun