Gazteen botoa eskatu dute Leitzako EH Bilduren zerrendako gazteek

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 15a, 11:00

Argazkiak: Javi Moreno.

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan Leitzako EH Bilduren zerrendan aurkeztu diren gazte hautagaiei babesa emateko eta EH Bilduk Leitzan egiten duen eta eginen duen lanari bultzada emateko agerraldia egin zuten ostiral arratsaldean Leitzako plazan. Xabier Gartzia Azpirotz eta Xabat Illarregi Marzol hautagaiek EH Bilduren aldeko botoa eskatu zuten.

Hiru gazte sartu dira Leitzako EH Bilduren zerrendan: Xabier Gartzia Azpirotz, Itxaro Zabaleta Telleria eta Xabat Illarregi Marzol, eta hiruren izenean Gartziak eta Illarregik hartu zuten hitza ostiraleko agerraldian. Onartu zutenez, «hasieran sortutako ilusioarekin eta gogoarekin batera, beldurrak eta kezkak ere gure hausnarketen parte izan dira». Baina aldi berean, argi utzi zuten «Leitzako gazteriaren kezkak udalera eraman eta horiek bideratzeko proiektuak garatzen» saiatuko direla.

Leitzako gazteek bizi proiektua «duintasunez» Leitzan egiteko bi proiektu nagusi garatu nahi dituztela aipatu zuten. Alde batetik, «gazteok ditugun emantzipazio premiei erantzunez, alokairu sozialen aldeko apustua» eginen dutela azpimarratu zuten: «Euskal Herrian, gazteon bataz besteko emantzipazio adina 30 urteren bueltan dago, eta emantzipatzen direnen kasuan, gazteok bataz beste gure soldaten % 80 bideratu behar dugu etxebizitza ordaintzera edota alokairura». Horren aurrean, «errealitate jasanezin hori iraultzeari ekiteko» konpromisoa hartu zuten.

Bestetik, gazteen aisialdi eskaintza indartzen jarraitzeko nahiaz aritu ziren: «hori baita gazteok euskara biziberritzen jarraitzeko espazio nagusietako bat». Horren harira, «orain arte bezala, gazte eta kultur eragileekin dugun elkarlana estutzen» jarraituko dutela adierazi zuten; «udalaren eskura ditugun baliabideak eskainiz». Eta aldi berean, «futbol zelaian belar artifiziala jartzeko saiakera» eginen dutela gaineratu zuten, «Nafarroako Gobernuan eraginez».

Proiektu horietan eta udaleko beste ekimenetan «parekidetasunaren aldeko begirada izaten ahaleginduko» direla ere azpimarratu zuten. Eta hala, «EH Bildu proiektu horiek bultzatzeko ezinbesteko urratsa dela» esan zuten; «EH Bilduri botoa ematea gazteok prekarietatera kondenatzen gaituen sistema honen aurkako oihu ozena da; eredu aldaketa inoiz baino beharrezkoagoa dela aldarrikatzeko modua; gazteon eta denon bizitzak erdigunean jartzearen aldeko keinua; enplegu duinaren aldeko urratsa; gazteok euskaraz bizitzeko erabil dezakegun tresna; edota, gure herriaren askatasunean urrats handi bat egiteko unea. EH Bilduren aldeko gazte botoa ezkertiarra, feminista, ekologista, independentista eta euskalduna da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun