Energia eta umorez beteriko emakumea zen, beti laguntzeko eta zekien hori besteei erakusteko prest zegoena. Leitzako ondarea, hizkera... aski ongi ezagutzen zituen baita maitatu ere. Hala jotzen zuten askok beregana informazio eske eta trukean beti baiezkoa eta irribarre zabal bat izaten zen erantzuna.
Aizkoran aritzea ere maite zuen. Esteban Saralegik animatuta aizkoran egitera plazara atera zen lehenbiziko emakumeetakoa izan zen. 1988an Aurrera Elkartearen alde egindako aizkora jaialdian, ia 200 aizkolariren artean emakume bakarra izan zen. 2019ko urriaren 5ean agertu zen azkenekoz jendaurrean galtza zuriak jantzita eta aizkora eskuetan zuela. Aurrera Elkarteak aizkora jaialdi hartan parte hartutakoei egindako omenaldian parte hartu zuen eta Patxi Astibiak gidatuta, aizkoran aritu zen.
Jon Maiak zuzendutako Gutik Zura dokumentalean ere parte hartu zuen Felipa ahizparekin batera eta aizkora kontuak eta gazte garaikoak izan zituzten hizpide.
Azken agurra abenduaren 30ean emanen diote Leitzako elizan 16:00etan.