Errota harrien arrastoen bueltan itzulia osatuko du larunbatean Arainburu Mendi Taldeak

Ttipi-Ttapa api 09 Leitzaldea   Goizueta

Apirilaren 13an, Organbidera joateko aukera izanen da Arainburu Mendi Taldearen eskutik. Goizuetako plazan egin dute hitzordua 08:30ean. Lauzpabost orduko itzulia osatuko dute, Enekolorritik Organbidera joan eta Arramalta eta Espiden barna etorriko dira atzera herrigunera. Hamabi kilometroko ibilbidea izanen da eta erdi mailako zailtasuna du.  Kirola egiteaz gain, paraje ederrak ikusi eta bertako ondareari buruz ikasteko aukera izanen dute mendizaleek, bidean dauden errota harriei buruzko azalpenak emanen baititu Jose Jabier Etxeberriak. Antolatzaileek jakinarazi dute ez direla gerta daitezkeen ezbeharren kargu egiten eta bakoitzak bere hamaiketakoa eraman beharko duela gogorazi dute.

Lesakako argazki zaharrak biltzeko bandoa karrikaratu du Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa ots 22 Bortziriak   Lesaka

Badira hilabete batzuk herritar talde bat Lesakako fototeka (argazki zaharren bilduma) osatzen hasi zela. Udalak laguntzen du eta horretarako bandoa ere argitara eman du berriki. «Fototeka horretara gure herriko oroimen eta gogo grafikoa bildu nahi dugu, hau da, Lesaka zein lesakarron argazkiak bildu, digital bihurtu eta sarean partekatu nahi ditugu» dio udal bandoak.