Igandero bezala, herritar mordo bat bildu zen iraileko lehen igandean ere Beintzako plazan. Aste osoan herrian izaten den girorik bikainena eta politena igande eguerdian izaten da. Adin guzietako jendea eta, batez ere, herriko bikote gazteak beraien seme-alabekin biltzen dira Beintzako ostatuan eta plazan.
Gainera, irailaren 3an Beintzako ostatuan biltzeko beste arrazoi ere izan zuten. Orain dela gutxi, Beintzako ostatuko terraza kentzeko salaketa bat izan da. Ostatuan bildutakoek adierazi zutenez, «gure ustez, ez du inongo zentzurik eta salaketa egin duenari herri giro bikain eta eder hori ez duela hautsiko erran nahi diogu. Herritarrok ez dugu onartuko!».
Zaila egiten zait egun hauetan nire herrian gertatzen denaren inguruan nire iritzia ematea, baina uste dut beharrezkoa dela herrikoen artean honi buruz hitz egitea.
Egun batean Beintzara iritsi zen mutil baten istorioa berritzea nahiko nuke. Gure paisaiaz, herriaz eta bertako jendeaz maiteminduta gelditu zelarik, negozio bat sortzea erabaki zuen.
Negozio honek 25 urte baino gehiagoko ibilbidea dauka. Ez da lan erraza horrelako negozio bat kudeatzea, non gure hizkuntza, herriko jendeaz inguratutako izugarrizko paisaiak eta bertako tradizioen altxorrak nabarmentzen diren…
..... mapan jarri gaituen ostatu bakarra non gainera, enplegua eta ekonomia sortzen baitu. Herriko biztanleentzat oinarrizko pieza izan da eta horrela izaten jarraitzea nahi dugu.
Herri askok ostatua bezain baliotsua den zerbait eduki nahiko lukete. Gogoan izan Nafarroako mendialdeko "herri hustuaren eta zaharraren" parte garela.
Zein herritakoa garen galdetzen zaigun bakoitzean, harro erantzuten dugu Beintza-Labainaren parte garela. Badakizu zer? Ba herriko txokoren batean haur ala gazte bat irribarretsu aurkituko duzula, nola ez, herriari bizia ematen.
Ezagutzen duzun edozein gazterekin solasten hasten bazara, nongoa naizen aipatzen diodanean, Beintzako aterpetxean izandako esperientzia gogoratzen hasten da, begiak irribarre txiki batekin argitzen zaizkio.
Eta momentu horretan harritzen zara. Nafarroako gazte askotan errepikatzen baita. Izan ere, aterpetxe honen esperientziaz gozatzea opari bat da gaur egun bisitatzen jarraitzen gaituzten haur eta gazteentzat.
Errandako guztia kontuan hartuz, gertatzen ari den guztia asimilatzen zaila egiten zait. Egia erran, harritu egiten nau horrelako herri batean halako kexak jartzea. Zaratez, eragozpenez, etb… Tira. Ez dut ulertzen nola norbaitek egoera hau babesten ahal duen eta gauden egoerara iristea.
Zarata horiek jolasei, korrika doazen haurrei, musikari eta alaitasunari erantzuten diete. Eguneroko giroa izatea nahiko nuke, ordu guztietan eta urteko hilabete guztietan entzutea aunitz poztuko nintzateke!! Nafarroako mendialdeko herri batean, bizirik jarraitzen dugula gogorarazten diguten susmoak eta irribarrak dira, eta hori, gazteen eta haurren kanpamentuei esker!! Albergue ORBELA Aterpea, Beintza-Labaien, Nafarroa - Inicio (orbela-beintza.com) esker!!
Zerbaiterako balio badu, mesedez, udal honek egoera honi amaiera eman diezaiola eskatzen dut. Mikel eta Idoiari babesa eman diezaietela eskatzen dut, bizitzen geratzeko apustua egin zutelako eta herrian negozio bat hasi eta segida eman diotelako. Egunero altxor honetaz, gure herriaz eta bertako jendeaz gozatzeko dugun zortea agerian utziz.
Eta eskatzen dut zalantza eta salaketa horiei amaiera ematea eta Beintza Labaienek halako pertsonak izatea guztiontzat zein onuragarria den zehazteko. Ekimen onak sustatzea eta daukaguna zaintzea eskatzen dut. Mila esker Mikel eta Idoia herrikoientzat erreferenteak izateagatik, zareten bezala izateagatik eta gure herria gehiago maitatzea egiteagatik.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!