Atzo egin zuten aurkezpena antolatzaileek, eta bertan nabarmendu zutenez, helburu franko ditu egitasmoak: «Gure arteko elkar ezagutza suspertuko lukeen proiektua da, gure artean dugun muga fisiko eta psikologiko hori hausteko helburuz». Bertzetik, euskara ardatz harturik antolatuak direnez, «euskararen erabilpenaren arnasgune» gisa kontsidera daitekeela azpimarratu dute. Azkenik nabarmendu dute muga bera hausteko xedearekin antolatu dutela besta, eta baita bertan antolatzen dituzten bertze ekintzak ere.
Antolatzaileek Izpegiko bestak denentzat leku segurua izatea nahi dute, eta horregatik diote ez dutela erasorik onartuko. «Behar diren baliabideak ezarriak izanen dira horien saihesteko eta zerbait gertatuko balitz, berehalako neurriak hartuak izanen dira erasoari erantzuteko».
Egitaraua
Ortziralean hasiko da egitaraua, eta ekitaldi bakarra izanen da. 19:30ean, garaiko eta gaurko mugaz gaindiko harremanei buruz ariko dira solasean Jojo Bidartek gidaturik. Izpegiko lepoan Bereko bentan izanen da solasaldia
Biharamunean, hilaren 23an izanen da besta egun handia. Goizean, mendi martxa abiatuko da Baigorrik Izpegira. 11:00etan bizikleta igoera eginen dute Izpegiko lepora, Baigorriko elizako plazatik abiatuta. Ordu berean haurren jokoak izanen dituzte Izpegiko lepoan.
12:00etan zintzur bustitzea izanen da Baigorriko eta Erratzuko gaiteroekin eta Inen da zeit txarangarekin. Ondotik, 13:00etan eginen dute ekitaldi nagusia.
14:00etan bazkari herrikoia izanen da Inen da zeit txarangak alaituta. Txartelak Baigorriko Oronoz saltegian, Erratzuko Zubi Punta ostatuan eta basaizearen webgunean paratuko dituzte salgai.
Arratsaldean izanen du segida egitarauak. 17:30ean Elektrotxorongok joko du, 20:00etan Tripus-trapus batukada izanen da eta 21:00etan ogitartekoak jateko aukera izanen da.
Eguna bukatzeko 22:30ean kontzertuak izanen dira: Mirua, Toc eta DJ Üzkülüz.
Joan etorrirako autobusak
Izpegiko lepora igotzeko eta bertatik jaisteko autobus zerbitzua izanen da egun osoz bai Baigorritik, eta baita Elizondotik ere.
Igotzeko 10:00etan, 12:00etan eta 19:00etan aterako da autobusa Elizondotik, eta Erratzutik ere pasako da. Itzultzeko, aldiz, 20:30ean, 03:00etan eta 06:00etan aterako dira autobusak Izpegiko lepotik eta Erratzun geldialdia eginda Elizondora joanen dira.
Baigorrira ere izanen da zerbitzu bera. Igotzeko 11:00etan, 13:00etan, eta 20:00etan aterako da autobusa Baigorritik, eta itzulerako autobusa 19:30ean, 02:00etan eta 05:00etan izanen da.
Zerbitzuak 3 euroko prezioa izanen du.