Arxuria

«Gure lurra xehatua ez izateko beharrezkoa den guztia eginen dugu»

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 5a, 14:00

«Amorruz» mintzatu dira gaur goizean zugarramurdiarrak eta saratarrak Zugarramurdin egin duten prentsaurrekoan. Azken astea «zainetan» bizi dutela adierazi dute, «Baztango Udalak Arxuriko kaskorat joateko kilometro bateko pista eraikitzeko baimena onartu zuela jakin dutenetik». Itxura denez, Irungo parapente eta delta hegalen Bidasoa Arxuria Group eskola pribatua dago honen gibelean, eta zuzenean enpresa horretako Jorge Ibargoien buruari eta Zurekin Baztan taldeko Joseba Moreno zinegotziari bidali diete mezua, baita Baztango Herriko Etxeari ere, «proiektua bertan behera uzteko eskatuz».

«Kaltetuak zugarramurdiarrak eta saratarrak, ez baztandarrak»

Iban Iparragirre, Helena Xurio eta Mattin Oronozek hartu dute hitza gaur goizean Zugarramurdiko plazan egin duten prentsaurrekoan, bi herrietako hainbat herritarren babesarekin. Argi utzi dute «legalki Baztan eremuaren jabea bada ere, geografikoki eta sentimentalki Arxuria gure egiten dugula». «Baztandar gehienek ez dakite ezta non dagoen ere. Hor bizi direnak zugarramurdiarrak dira», eta proiektu honekin «Zugarramurdiko eta Sarako herriak kaltetuak izanen direla» salatu dute, «ez baztandarrak».

Gure mendia «xitxifrikatzeko eskabadorak edozein momentutan agertzeko beldur» presaka mugitu direla aitortu dute, baina «proiektua ez dugula onartuko» nabarmendu dute. «Alde batetik, herritarrak ez gara geldirik egonen eta mobilizatuko gara; eta bertze aldetik, gure bi herriko etxeek proiektua geldiarazteko beraien bidea hartu dute».

Proiektua aspalditik bueltaka

Bidasoa Arxuria Group-en proiektua «aspalditik bueltaka» dabilela ere kontatu dute: «Duela zonbait urte, Sarako Herriko Etxeak ezezkoa eman zion, baita Baztangoak ere. Gerorat, Geroa Bai alderdiak, orduko Joseba Moreno zinegotziak bultzaturik (gaur egun Zurekin Baztan alderdirat pasatu dena), Nafarroako Gobernuko 45.000 euroko dirulaguntza nominatiboa lortu zuen sarraski hau aitzinerat eramateko. Diru publikoa interes pribatuendako».

Agorril hasieran Arxuriko mazelan eskabadora bat ikusi omen zuen herritar batek, «kasualitatez». Eta horren ondotik, udala, enpresa eta Baztango Udaleko ordezkariak bildu zirela jakinarazi dute gaurko agerraldian: «Herritarrak kanpoan protestan ziren bitartean, udalak proiektuaren kontra bozkatu zuen. Jorge Ibargoien Bidasoa Arxuria Group-eko buruak gibelerat eginen zuela erran zuen: ‘Herritarrak ez bazaudete ados, ez dugu eginen’». Gaineratu dutenez, «Joseba Moreno zinegotzia isili-isilik zela, EH Bilduko ordezkaria gure alde agertu zen». Eskabadorak alde egin zutela eta, proiektua «bertan behera» gelditu zela pentsatu zuten, «Baztango Udalaren azken bozketaren esperoan».

Hortaz, «harriduraz» hartu dute Baztango Udalaren azken bilkuran «Baztango EH Bilduk kontra bozkatu bazuen ere, gainerako alderdiek, Geroa Baik, UPNk, Baztango Independenteak eta Zurekin Baztanek, aho batez proiektuaren alde bozkatu» izana. Erabakia «errespetu falta izugarria da, onartezina».

Proiekturen kontraka arrazoi «aunitz»: turismo masiboa mendietara hedatzea, naturan izanen dituen kalteak eta proiektua zentzugabekeria

Proiektua deuseztatzeko «arrazoi aunitz» dituztela ere esplikatu dute. Alde batetik, «Zugarramurdik turismo masiboarekin aspaldi gainezka» egin zuela salatu dute, «arazo larriak» dituztela. Hala, egin nahi duten pistarekin, «turismo fluxu handi hori gure mendietara hedatuko» dela diote, «Arxuriko kaskorat aise ailegatzea posible izanen baita. Gure herriak duen inbasioa gure mendi, bidexka eta zerurat hedatuko da».

Bertzetik, «naturan izanen dituen kalteak» aipatu dituzte, «parapenteen eta delta hegalen gibelean diren azpiegiturek naturarekiko errespeturik ez dutela» erranez: «pista zabala edekitzeko makinek Arxuria inarrosiko dute». Sara aldeko Arxuria mazela Natura 2000 Sarean dela oroitarazi dute, «babestu behar diren iturriak, hegaztiak, animaliak eta landareak bertan direlakoz». Hala, «Sarako Herriko Etxeak parapente eta delta hegalei ez die lurreratzen baimenduko».

Bide beretik, «Zugarramurdi aldeko  mazela, babestua ez bada ere, horretan ere gure babesa behar duten hegaztiak, animaliak eta landareak» daudela oroitarazi dute. «Konparazione, horko eremuetan miruek haien kabiak egiten dituzte. Gaur egun, Iberiar Penintsulan mirua galzorian den espeziea da».

Eta hirugarrenik, proiektua «izigarriko zentzugabekeria» iruditzen zaiela adierazi dute: «Baztanek pista kilometro sobera dituen aitzakiarekin, hemengo baserritarrei haien etxeetarat ailegatzeko bideak ez dizkie egin edo arrimatu. Gehienek haien sakelatik ordaindu dute. Eta orain, Irungo enpresa pribatu bati pista libre! Nafarroako diru publikoa, alderdi politiko baten eskutik pasatuz, nola erabiltzen ahal da interesa pribatuetarako?».

 
Ibargoieni eta Morenori mezua, baita Baztango Udalari ere

Horregatik «publikoki eta zuzenki», «Jorge Ibargoien buruari, Joseba Moreno zinegotziari eta Baztango Udalari proiektua bertan behera uztea» eskatu diete. Hala ez bada, «gure lurra xehatua ez izateko beharrezkoa den guztia» eginen dutela argitu dute: «Iritzi publikoari afera itsusi hau jakinaraztea eta salatzea izan da gure lehenbiziko urratsa. Ondokoak finkatuak ditugu, haien artean, manifestazioak eginen ditugu». Garbi gelditu da: «ez gara geldirik egonen. Arxuria garbi, Arxuria bizirik. Arxuria ez hunki. Arxuria bakean utzi!».  

Parapentean ibiltzen direnen oharra

Parapentean ibiltzen diren Nafarroako eta inguruko hainbat lagunen babesa hartu dutela ere gaineratu du, eta haien izenean Zugarramurdiko Olivier Harotzarene parapentelaria mintzatu da. Proiektuak «kezka eta tristura» sortu diela onartu dute eta Zugarramurdiko eta Sarako herritarrei «elkartasun osoa» adierazi nahi izan diete.

Gisa berean, beraien irudiko, «Zugarramurdiko eta Sarako udalen eta herritarren iritzia aintzat hartu ez izana ulergaitza da», eta «Arxurian ez bide berririk, ez bide zabaltzerik, ez bestelako sarraskirik ez dutela nahi» nabarmendu dute. «Arxurian hegan egiten dugun parapentelariok mendia eta bere inguruan dauden bezala maitatu eta zaindu nahi ditugu. Bertako herritarrekin urte luzez izan dugun harreman ona zinez estimatzen dugunez, hemendik aitzinera ere horrela izatea bihotzez desiratzen dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun