Arxuria

Arxurirat autoz igateko pistaren kontra mobilizatzen hasiak dira Zugarramurdin eta Saran

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 2a, 10:30

40 bat herritar bildu ziren larunbatean Zugarramurdiko bileran eta gaur arratsean saratarrekin batera bilduko dira 20:00etan Akelarrenean.

Larunbatean herritarren bilkura egin zuten Zugarramurdin eta gaur, astelehena, saratarrekin batera biltzekoak dira Akelarrenean

Arxuria mendirat parapente eta ala deltak autoz igateko pista bat eta plataforma bat egitearen alde bozkatu zuen Baztango udalak irailaren 28ko bilkuran, EH bilduko zinegotzien kontrako botoekin. Baztango Geroa Baik lortutako dirulaguntza nominatibo batekin egin nahi da obra, Irungo parapente eskola pribatu baten eskariz. Hori «zugarramurdiar eta saratarren iritzien kontra» egin dela salatu dute. Honen kontra zer egin ikusteko, irailaren 30ean herritarren bilkura bat egin zuten Zugarramurdin, berrogei bat lagun bilduz. Sara eta Zugarramurdin artean antolatzeko ere, bertze bilkura bat antolatuta dago astelehenerakoz (urriak 2), 20:00etan Akelarrenean.

Baztango EH Bilduren oharra

Baztango EH Bilduk Arxuria mendira parapente eta delta hegalak autoz igotzeko pista egitearen kontrako bozka eman zuen azkeneko Osoko Bilkuran. Obra hori egitearen alde bozkatu zuten aho batez gainerako alderdiek (Geroa Bai, UPN, Baztango Independenteak eta Zurekin Baztan). EH Bilduk argi adierazi nahi du «herritarrek behar eta nahi ez duten zerbait babesten ari direla bozka horiekin».

Aitzineko legealdiko Geroa Baik lortutako diru-laguntza nominatibo batekin egitekoa zen obra horrek, Irungo parapente eskola pribatu baten eskaerari erantzuten dio, EH Bilduren ustez. «Berriz ere nahi pribatuak nahi publikoen gainetik paratu zituen alderdiak eta hori bera da gainerako guztiak babesten ari direna. Kontutan hartu behar dugu berriki Nafarroako Kontuen Ganberak kritikatu duela laguntza nominatibo hauek ekartzen ahal duten erabilera ez-egokia, lehiaketa publikoa ez duelakoz bermatzen. Kasu honetan lotsa-emangarria da dirulaguntza nominatiboak enpresa pribatu baten mesederako erabiltzea».

Horren aitzinean Zugarramurdiko eta Sarako Udalek bere desadostasuna adierazi dute zenbait argudio azalduz:

  • Gaurgero arazoa izaten ari da hortik saltatzen duten parapenteen kopurua (trafikoa, intimitate falta baserrietan, ingurunea garbitzen duten artaldeei traba egitea eta abar).
  • Hor dauden baserrietarako bideak konpontzea izan beharko luke lehentasuna.
  • Zonalde horrek bizi duen turismo masiboa elikatuko luke mendi gaineraino autoz joateko aukera izateak.
  • Sarak ez du lurreratzeko baimenik eman, horrek sortzen dituen arazoengatik: belaiak hondatzea, lurren higadura. Edozein aire ekintzarako baimena eskatu behar da intereseko espezie edo habitata babesten dela ziurtatzeko.
  • Natura 2000 bezala sailkatua dago eta jende eta trafiko handitzeak kalte eginen luke (hegaztiak eta gauenarak, landare espezieak, habitata eta abar)

Argudio horiek kontutan hartuz eta herri horien nahia errespetatuz, obra gelditzeko bidea ireki zuen Baztango EH Bilduk eta «herria eta herritarren interesa, enpresa pribatuen interesen gainetik lehenesten» segituko duela adierazi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun