Arxuria

Baztango Udalak Arxurian bide bat moldatzeko proiektuarekin aitzinera eginen du

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 29a, 12:00

Zugarramurdiko eta Sarako Udala proiektuaren aurka agertu dira eta alde batera uzteko eskatua zioten Baztango Udalari

Zugarramurdiko eta Sarako Udala proiektuaren aurka agertu dira eta alde batera uzteko eskatu diote Baztango Udalari. Hortaz, atzoko osoko bilkuran, EH Bilduk egitasmoa alde batera uztea proposatu zuen. Gainerako alderdiek proposamenaren kontra bozkatu zuten, eta beraz udalbatzak proiektuarekin aitzinera eginen du

2023an Geroa Baik 45.000 euroko dirulaguntza bat lortu zuen Arxuria mendian bide bat moldatzeko, parapente eta delta hegalekin ibiltzen direnak salto egiteko puntura errazago ailegatzeko.

Abuztuan, hondeamakina lanak egin behar zituen eremura hurbiltzerakoan, Zugarramurdiko herritarrak asaldatu egin ziren eta geroztik, Zugarramurdiko eta Sarako Udalek idatzi bana helarazi diote Baztango Udalari, proiektu horren aurka daudela agertzeko eta alde batera uzteko eskatuz. Proiektua Baztango lurretan aurreikusia dago, baina Zugarramurdiri eta Sarari eragiten die, batetik pasatzen direlako salto egin nahi dutenak eta bertzean lur hartzen dutelako.

Baztango EH Bilduk azaldu duenez, «hori dela eta, atzoko osoko bilkuran Arxurian egin beharreko bide moldaketaren proiektua alde batera uztea proposatu genuen. Dena den, udalbatza osatzen duten gainerako alderdiak, hau da, Zurekin Baztan, Baztango Independienteak, UPN eta Geroa Bai, kontra agertu ziren. Lanak alde batera uzteko proposamenak EH Bilduren aldeko 6 boto izan zituen eta Zurekin Baztan, Baztango Independienteak, UPN eta Geroa Baiko zinegotziek kontrako 7 boto eman zituzten, beraz, lanak alde batera uzteko proposamena ez zen onartu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun