Senperen ereiaroaren 28an eginen dute herriko bozen bigarren itzulia

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 23a, 09:45

Ezkerretik hasita Nousbaum, Idiart eta Bederede Senpereko hautagaiak.

Ipar Euskal Herriko 18 herritan egin beharko dute bigarren itzulia eta horien artean dago Senpere. Saran martxoan erabakia gelditu zen zeinek osatuko duten Herriko Kontseilua, Battit Laborderen Zergatik ez taldeak, bozen %73 lortu baitzuen. Ereiaroan birusa gehiegi hedatuko balitz, bigarren itzulia berriro atzeratzeko aukera izanen luke frantses gobernamenduak. Aldiz, uda pasatu eta gero eginen balute, bi itzuliak berriz egin beharko lituzkete, osorik.

Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak iragarri du ereiaroaren 28an antolatuko dutela herriko bozen bigarren itzulia. Kontseilu Zientifikoak ez du kontrako iritzirik agertu, baina segurtasun neurri zorrotzak ezarri ditu bozen egunerako eta kanpaina egiteko.

Bigarren itzulia prestatzeko, osasun egoera errespetatu beharko dute hautagaiek eta, ondorioz, kanpaina ezin izanen dute usaian bezala eraman. Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak zehaztu du zer neurri hartuko dituzten. Segurtasun neurriak zorrozki aplikatu beharko dituzte bozkalekuetan: metro bateko distantzia errespetatu beharko dute; maskara jantzi beharko dute, eta desinfektatzeko gela egonen da leku guztietan. Gainera, kanpaina digital bat egitera bultzatu ditu hautagaiak, eta elkarretaratze fisikoak ahal denean murrizteko.

Herriko bozen lehen itzulia martxoaren 15ean egin zen eta bigarren itzulia martxoaren 22an egitekoa bazen ere, koronabirusarengatik alde batera utzi zuten. Zehazki, Ipar Euskal Herriko 18 herritan bakarrik egitekoa zuten bigarren itzulia. Gainerako 142 herrietan, lehen itzulian bertan erabakita gelditu ziren Herriko Kontseiluak, hautagaien talde batek bozen erdiak baino gehiago lortu zituztelako. Mila biztanletik gorako herrietan, bozen erdiak lortu zituzten zerrendek auzapeza hautatu zuten, eta kontseiluak osatu.

Euskal Hirigune Elkargoa ez dute oraindik osatu ahal izan, eta bigarren itzuliaren ondotik osatuko da, emaitzen arabera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun