'*Km 1' edo '1 km'?

Ttipi-Ttapa

Euskaltzaindiaren arabera, 1 zenbakia sinboloaren aitzinetik eskribitu behar da, gainerako zenbakiak eskribitzen diren bezala: 1 km, 1 €, 1 °C… Hala ere, leitzerakoan, irakurketa naturala egin behar da, hau da, neurri unitatearen ondotik leitu behar da. Alegia, kilometro bat, euro bat, gradu bat… leitu behar da.

Hona hemen adibide pare bat:

  • Eskribitu: Moztu tipula 1 cm-ko laukietan. / Leitu: Moztu tipula zentimetro bateko laukietan.
  • Eskribitu: Poltsak 1 € balio du. / Leitu: Poltsak euro bat balio du.

Eta bide batez, 1., *1.go edo *1go aukeren artean, ba al dakizu zein den zuzena? 1. erabili behar da. Lehen, lehenengo, lehendabiziko, aurren, aurreneko… hitz ordinal baliokideen ordain zuzena horixe baino ez da (1.). Gainerakoak (*1.go, *1go) ez dira zuzenak.

Oinarri hori (1.) hartu behar da kasu markak eranstean ere: 1.a (lehena, lehenengoa, lehendabizikoa…), 1.ari (lehenari, lehenengoari, lehendabizikoari…), 1.arekin, 1.arentzat…

*Oharra: Izartxoa dutenak ez dira zuzenak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun