‘Gurasoak etorri direlarik, alde egin duzu’ edo ‘Gurasoak etorri direnean, alde egin duzu’?

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 29a

Bai, biak zuzenak dira. Berez, ekialdeko euskalkietakoa da -(e)larik menderagailua, eta batez ere denbora edo modua adierazten du, euskalki gehienetan erabiltzen den -(e)lak bezala; baina, testuinguruaren arabera, azalpena, baldintza zein kausa adierazteko ere balio du.

(E)LARIK / -(E)NEAN. Denbora (aldiberekotasuna) adierazten du esaldi hauetan -(E)LARIK menderagailuak:

  • Gurasoak etorri direlarik, alde egin duzu (edo direnean).
  • Sei urte nituelarik hasi nintzen eskolara (edo nituenean).
  • Leihotik erori zelarik, hanka hautsi zuen (edo zenean).

Denborazko -(e)nean menderagailuaren parekoa da horietan.

Denboraz bertzelako nozioak (modua, kausa, azalpena, baldintza) ere adierazten ditu esaldi hauetan:

  • Hain ona delarik, nola ez maita?
  • Zu nirekin zarelarik, ez naiz inoren beldur.
  • Radarrak jarri direlarik, autoen abiadura motelduko da.

(E)LARIK / -(E)LA. Biak erabiltzen ahal dira adizki burutugabeekin.

  • Irakaslea sartzen zeLARIK (zeLA), ume guztiak isildu egiten ziren.
  • Atezaina hurbildu zitzaien, eskuan linterna zeramaLARIK (zeramaLA).

Baina aditzen adizki burutuekin, -(E)LA ez da erabiltzen. Halakoetan, -(E)LARIK erabili behar da.

  • Partida bukatu zeLARIK (*zeLA), txaloka hasi ginen.
  • Leihotik erori zeLARIK (*zeLA), hanka hautsi zuen.

Tradizio urrikoak dira, eta maiz kalko desegoki baten ondorio, honelakoak:

  • *Leihotik erori zen, hanka hautsi zuelarik > Leihotik erori zen, eta hanka bat hautsi / Leihotik erori, eta hanka hautsi zuen). [Okerra dela entenditzen da baldin hori dioenak Leihotik erori zen eta hanka hautsi zuen adierazi nahi badu].

*Oharra: Izartxoa dutenak ez dira zuzenak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun