Hona hemen adibide bat.
- *Nire kontura irri egin nahiean dabil > Nire kontura irri egin nahian dabil.
Nahian moldearen ezezko esapiderik ezagunena, nahi ezta da, baina nahi ezik ere erabili izan da:
- Etxera joan nahi ezta dago.
- Umea, aspaldian, jan nahi ezik dabil.
Bertzalde, *nahi ezkero eta *nahiez gero ez dira forma zuzenak; forma burutua (nahi izan) osorik erabili behar da beti: nahi izanez gero.
Bide batez, nahi izan eta nahiago izan bi aditz dira, eta desberdin jokatzen dute zenbaitetan:
- Nahi izan aditzean, objektuak aditz nagusiarekin egiten du komunztadura: Sagarra jan nahi dut / Sagarrak jan nahi ditut.
Nahiago izan aditzean, berriz, mendeko perpaus jokatugabea du osagarri (eta mendeko perpaus horretako aditzarena da objektua, ez aditz nagusiarena): Nahiago dut sagarra jan / Nahiago dut sagarrak jan (*Nahiago ditut sagarrak jan).
- Nahi izan aditzean, ezeztapena aditz nagusiarekin doa: Ez dut egin nahi (*Nahi ez dut egin). Ez dago bertze hauturik (erdaraz ere ez: fr: ?je veux ne pas travailler; es: ?quiero no trabajar).
Nahiago izan aditzean, berriz, perpaus osagarrian doa, ez nagusian: Nahiago dut ez egin (*Ez dut egin nahiago).
Alderantziz jokatzen dute, beraz, ezeztapenean.
Ordenamenduari dagokionez, —ahal izan eta behar izan aditzetan ez bezala—, onargarria da nahi izan aitzinera ekartzea edo aditzaren ondotik uztea:
- Nahi duzu komunera joan?
- Komunera joan nahi duzu?
*Oharra: Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.