‘Nahiko(a)’ ≠ ‘Samar’

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 13a

Euskaltzaindiaren arabera, nahiko(a) eta samar ez dira guztiz sinonimoak.

Kokaguneari dagokionez, samar beti adjektiboaren edo adberbioaren ondotik doa; nahiko(a), berriz, haien aitzinean:

  • Berandu samar etorri da.
  • Ergel samarra
  • Nahiko(a) berandu zen bazkaltzeko.
  • Nahiko(a) ergela da.

Nahiko(a) zenbatzailea ere badenez, izenei lagunduz ager daiteke. Baina samar, ez:

  • Nahiko(a) diru bildu dut.

Erranahiaren aldetik ere badute ezberdintasuna: nahikoa erraten duenak zerbait gehiago, zerbait positiboagoa, erraten duela iduri du samar hitza erabiltzen ari denak baino. Adibidez:

  • Zer moduz egin duzu lo? galderari Nahikoa ongi erantzuten dionak Ongi samar erantzuten dionak baino zerbait positiboagoa erantzuten duela ematen du. Gisa berean, nobela bat on samarra dela erratea badirudi nahikoa ona dela erratea baino zertxobait guttiago erratea dela.

Eta bukatzeko samartu aditzaz kontu bat. Samar adberbiotik eratorria da samartu aditza. Ezkerrean bertze aditz bat duela erabiltzen da, eta aspektu burutuan beti. Aditzekin biak erabiltzen ahal dira, nahikoa eta samartu, baina erranahia ez da berdina:

  • Nahikoa egin dut (‘ez dut gehiago egin behar’) / Egin samartu dut (‘ia-ia bukatu dut’).

Eta hemen adibide gehiago samarturekin.

  • Gurasoak urteetan aitzinatu samartuak dira.
  • Utzi samartua zegoen kanpotik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun