Astronomian, planeten, sateliteen, izarren, konstelazioen, galaxien eta, oro har, astro guzien izenetan hasierako letra maiuskulaz eskribitzen da. Izen bereziak dira Eguzkia, Ilargia eta Lurra.
- Eguzkitik Ilargira.
- Lurretik Eguzkira.
- Satelite bakarra du Lurrak: Ilargia.
Baina letra xehez eskribitzen dira kasu batzuetan. Konparazione, testuinguru berezi horretatik kanpo (‘satelite edo astro’ adieratik kanpo) daudenean:
- Gogotik berotzen du gaur eguzkiak.
- Gainerako guztiak lokarturik daude, eguzkitan etzanda.
- Horra mendiak ilargitan.
- Ematen du ilargian dagoela, ez da deusetaz ohartzen.
Letra xehez eskribitzen dira, ondorioz, hauek ere: ilargi bete, ilargialdi, ilargiratu, ilargitar…
Hitz elkarketetan, berriz, (marratxoarekin lotuta zein lotu gabe): eguzki(-)eklipse, eguzki(-)panel, eguzki(-)urte, eguzki(-)energia, eguzki(-)sistema, ilargi(-)eklipse, ilargi(-)adar, ilargi(-)izpi, ilargi(-)urte, ilargi(-)aldarte, lur(-)eremu, lur(-)globo, zeru(-)lurrak...