‘*Ez dago papera’, ‘Paperik ez da’ edo ‘Ez dago paperik’?

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 18a

Partitiboari buruz (-ik), garbi dio Euskaltzaindiak: «Erabil bedi partitiboa euskaraz, beti erabili izan den gisa, hau da, artikulurik gabe (lagunik, lanik, ahuntzik…) eta pluralik gabeko komunztadura eginez aditzarekin (dugu, dute, genuen..)».

Partitiboaren marka lotzen zaienean (-ik), mugagabean izan behar dute izen sintagmek:

  • *Ez dut liburu garestiarik erosi > Ez dut liburu garestirik erosi.
  • *Ez dut lanarik egin > Ez dut lanik egin.

Euskaltzaindiaren arabera, «batez ere, izena kontsonantez bukatzen denean hedatu da zenbait euskaldunen artean berria, eta aldi berean gramatikaz kanpokoa, den ohitura»: *lanarik, *planarik, *mahatsarik, *aipamenarik, *pluralarik, *ahuntzarik, *gizonarik…

Hori horrela, aditzarekin egiten den komunztaduran izen sintagma partitiboek ez dakarte sekula numero markarik eta, hala, adizkera jokatuan ezin dute erabili pluralik. Beraz, Euskaltzaindiak dioenez, «azken aldiotan hedatzen ari diren egitura hauek, hain segur erdal interferentziaren ondorio direnak, zeharo arrotzak eta baztertzekoak dira»:

  • *Seme-alabarik ez ditut > Seme-alabarik ez dut.
  • *Ez dituzu lagun onik aurkituko > Ez duzu lagun onik aurkitu.
  • *Ez dago papera > Paperik ez da / Ez dago paperik.

*Oharra: Izartxoa dutenak gaizki daude.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun