Gaur, martxoaren 19an, 15:30ean, Atharratzetik abiatuko da euskararen aldeko lasterketa erraldoia eta 11 egunez eta 10 gauez Euskal Herri osoa gurutzatu ondotik, martxoaren 29an Bilbon izanen du akabaila. Korrikak bere lehenbiziko edizioan, 1980an, Oñatitik Bilboraino egin zuen ibilbidea eta han leitu zuen Julen Kaltzadak momentuan inprobisatu behar izan zuen mezua. Izan ere, Ricardo Arregik 1966an Euskaltzaindiari idatzitako eskutitza, alfabetatze saila sortzea proposatzen zuena, lekukoan sartu bazuten ere hura bidean galdu egin zen eta halabeharrez, Kaltzadari inprobisatzea bertzerik ez zitzaion gelditu. 46 urteren ondotik, Bilbon izanen du berriz ere helmuga Korrikak, 12:04an ailegatuko da Bilboko Areatzara eta han plaza jendez beteta leituko dute aurtengo mezua.
Zazpi probintzia eta hiriburuetan barna
Aurtengoak denetara 2.175 kilometro eta 3.436 lekuko izanen ditu, iaz baino ia 600 kilometro guttiago eta, kontrakora, iaz baino 600 lekuko inguru gehiago. Aipatu bezala, gaur 15:30ean Zuberoan, Atharratzen, emanen diote hasmenta aurtengo Korrikari, Mauletik igaroko da 17:00etan, eta hortik Nafarroa Beherera eginen du salto, Donapaulera. Nafarroa Beherea gurutzatu eta Lapurdira igaroko da lasterketa, Hazparnera; Lekornetik pasatu eta Nafarroa Beherera joanen da bertze behin, Bidarraira. Donibane Garazin sartuko da ortziralean 03:03an eta Nafarroa Garairako bidea hartuko du.
Nafarroa Garaian Arnegin izanen du lehen kilometroa Korrikak eta Nafarroa ekialdean barna ibiliko da: Orreagatik, Erronkari aldera, hortik Burgira eta segituan Zangozara. Hala, hegoalderantz joko du; Tafallara, Tuterara eta berriz ere goiti Gares aldera eta Ultzamara. Beheiti egin eta Iruñera sartuko da martxoaren 22an, igandean, 13:23an. Lizarra aldera abiatu eta Viana aldetik salto eginen du Arabara. Araban sartu-atera egin eta Nafarroara bueltatuko da Altsasu aldera; aitzinera segitu eta Gipuzkoara igaroko da Andoain aldera. Hortik Iruneraino joan eta Nafarrora pasatuko da bertze behin. Nafarroa Iparraldean ibili eta Lapurdira sartuko da; Baionatik pasatuko da martxoaren 24an, asteartean, 21:44an.
Hendaia aldetik Gipuzkoara igaroko da eta kostatik kilometroz kilometro Donostiara helduko da martxoaren 25ean, asteazkenean, 09:20an. Kostako bidea segitu, Gipuzkoako kosta ibili eta Bizkaira joanen da Korrika. Bizkaiko kosta borobildu, Araban sartu, Bizkaira buelta eta Arabara joko du bertze behin; Gasteizen sartuko da lasterketa martxoaren 27an, larunbatean, 22:57an. Ondotik, Gipuzkoara igaroko da eta hortik Bilborako bidea hartuko du zuzenean; Bizkaian sartuko da helmuga geroz eta hurbilago sentituz eta Bilbon sartuko da, berriz, martxoaren 28an, igandean, 07:22an. Pausoz pausoz akabailara ailegatuko da Areatzara 12:04an.
Gure eskualdean ere bai
Mundu zabala da euskarak sortzen duena, kasurako, euskarari bultzaldia emateko etenik gabeko lasterketa horren adierazle izanik. Oro har, euskal mundu horren baitan gure eskualdeak bere zatitxoa hartzen du, eta betiko legez, Korrikak zenbait kilometro eginen ditu hemen barna: martxoaren 24an, asteartean, Irundik etorriko da Korrika Bortzirietara eta Beran izanen du lehen kilometroa 05:56an. Bortzirietatik igaroko da; Lesakatik eta Igantzitik, eta Sunbillara sartuko da. Ondotik Doneztebera ailegatuko da 09:11n eta hortik Bertizaranara, Narbartera. Narbartetik Baztanera sartuko da Oronoz-Mugairin barna, 09:42an, eta Elizondoko bidea hartuko du. Elizondotik igaroko da 10:43an eta Otsondora segituko du Xaretan sartzeko, Urdazubin. Hortik Senpereraino joanen da, kasurako, Senperen sartuko da 15:16an.
Errigora omendua
11 egun eta 10 gaueko iraupena duen etenik gabeko lasterketa ez ezik, oinarri sendoa duen ekimena da Korrika, hain zuzen ere, «euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta AEKren eguneroko lana indartzeko dirua biltzea» baititu helburu. Hortaz, edizioz edizio Korrikak omendu bat aukeratzen du, bide batez, «euskaratik, euskararentzat eta euskaraz» lanean ari den ekimen herritarrak egiten duten lanagatik «goraipatzeko», «babesa adierazteko» eta aitzinera segitzeko «bultzada eragiteko» ere. Hori horrela, aurtengo omendua Errigora egitasmoa izanen da.
Korrikak adierazi duenez, «ekimen herritarra da Errigora, Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes ditu. Nafarroa hegoaldea du ardatz, eta euskara ofiziala ez den eremuan eragiten du, bertako berezko elikagaiei Euskal Herrian bidea emanez, euskaratik, euskararentzat eta euskaraz». Are gehiago, Errigora eta Korrika «herriaren elkarlanean» bateratzen direla ziurtatu du: «Euskal Herri osoan da ezaguna, eta bat egiten du Korrikaren balioekin. Guztion arazo komunei bertatik bertara erantzuten saiatzen da, baita etorkizuneko erronkei erantzuna ematen ere, izan larrialdi linguistikoa, klimatikoa edota nortasunaren ingurukoa».
Eta ez hori bakarrik: egitasmoak euskararendako arnasguneak eraikitze aldera ere egin duen lana nabarmendu du: «Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuan, euskalduntzean egin duen ahalegina aintzatn hartzeko era da, baita etorkizunerako bultzada emateko hauspoa ere. Jarrai dezagun euskarari puzka».
'Euskara gara'
Euskara gara leloa eskutik helduta ibiliko ditu Korrikak aurtengo 2.175 kilometroak Atharratzetik Bilboraino. Euskarak batzen gaituela ozen erran dute: «Zu eta ni euskara gara. Bat gara. Milioi bat euskaldun gara, eta gehiago izango gara. Biziberritzen den komunitate aske eta irekia gara, elkarrekin sortuko dugun etorkizuna. Alderik alde zeharkatuko dugun Euskal Herria gara». Bide beretik, aniztasunari esker osotasuna egiten dela baieztatu dute: «Guztiok gara ezinbesteko. Pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak, garrantzia. Euskaltegian izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok, euskaraz, Euskal Herrian, ikasi eta bizi nahi dugunok... Guztiok herri bat gara. Euskara gara».
