24. Korrika

«Euskarak anitz eman dit eta hemen nire tokia aurkitzen lagundu ere bai»

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 19a

Vitoria GIMENEZ 'Bittori', Suinki euskaltegiko ikaslea.

Brasildarra da Bittori berez, «pertsona irekia» eta «kuriositate handikoa»; alegia, «gauza berriak ikastea» gustatzen zaiona, hizkuntza berriak tarteko. Erran duenez, «saiatzen naiz gauza berriak probatzen, eta zerbait hasten dudanean aitzinera egiten saiatzen naiz, poliki-poliki».

2023an etorri zen Brasildik Baztanera Bittori eta ailegatu bezain pronto hasi zen euskaltegian euskara ikasten: «Hemen hizkuntza berezi bat entzuten nuen, ez nuen ulertzen, eta kuriositatea sartu zitzaidan; horregatik hasi nintzen euskara ikasten. AEK niretako eskola bat baino gehiago da, harreman politak egin ditut eta arras gustura joaten naiz klasetara». Bide batez, urteotan euskararen existentziaz ere ez jakitetik hura mintzatzera igaro da Bittori eta «kontent» dago: «Orain nire egunerokoan dago. Ahal dudanean erabiltzen saiatzen naiz, eta nahiz eta oraindik ikasten ari naizen, geroz eta seguruago sentitzen naiz, hemengoa banintz bezala».

Sokak korapilo gehiago ditu: kasurako, euskara ikastea ekintza hutsa ez dela baieztatu du Bittorik, euskarak komunikatzeko hitz sorta baino gehiago eman diola argi utzi nahi izan baitu: «Niretako euskara ez da hizkuntza bat bakarrik, gehiago da. Hemen nire tokia aurkitzen lagundu dit, jendearekin hurbilago sentitzen naiz, eta Baztan etxe gisa gehiago sentitzen dut».

Bide beretik, «herritarrei euskara erabiltzen segitzea» eskatu nahi izan die Bittorik, bidenabar, berarekin ere euskaraz egitea: «Batzuetan gaztelaniara pasatzen dira ni kanpotarra naizelako, baina nik nahiago dut euskaraz egitea».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun