Kontatu duenez, «nire ama Zamorakoa zen eta aita Orabidekoa»; hortaz, etxean ia beti erdaraz mintzatzen ziren. Eta euskarak berak bere bizitzara sartzeko bidea egin bazuen ere, Galarregiren gaztetako jarrera bertzelakoa zen: «Banuen aukera euskara ikasteko ttikitan Izpegin, baina garai hartan ez nuen euskara ikasi nahi. Oroitzen naiz batzuetan nola erraten zidaten: mantxurriana! Egin euskaraz!'. Baina nik ez nien kasurik egiten».
Egun, «zergatik ez nuen ikasi nahi?» galderarendako oraino erantzunik aurkitu ez badu ere, bizirik egon heinean ezertarako berandu ez dela baieztatu du; eta Elizondoko Suinki euskaltegian dabil pasa den ikasturtetik: «Semeak etxeko lanekin lagundu nahi nituen eta gainera, eskolako guraso elkartetik atera berri nintzen. Zalantzetan egon nintzen kirolen batean edo euskaltegian hasi, baina pentsatu nuen barnekoa kanpokoa baino inportanteagoa dela».
Orain, «euskaraz hitz egiten eta euskal dantzak dantzatzen, kontent nago», erran du Galarregik, bidenabar, ikasketa prozesuan Solaslaguna programak «arras garrantzitsuak» direla azpimarratu du; hizkuntza ikasteko ez ezik, gizartearendako ere «onuragarriak» direla iritzita. Akitzeko, herriak euskara gehiago erabiltzea gustatuko litzaiokeela ere adierazi du: «Nik ere ez dut beti erabiltzen, gure esku dago».