Amaiur izenaren kasuan, konparazione: Amaiurko/Amaiurreko, Amaiurrera/Amaiurra, Amaiurrerantz/Amaiurrantz, Amaiurtik/ Amaiurretik... Bi moldeak dira zuzenak.
Berdintsu gertatzen da bertze kasu hauetan ere: Arizkun (Arizkungo/ Arizkuneko), Eratsun (Eratsungo/Eratsungo...), Ituren (Iturengo/ Itureneko), Beintza-Labaien, Gartzain, Saldias, Almandoz, Aniz, Arraioz, Lekaroz, Oiz, Urroz, Etxalar...; baita Sudan, Brasil, Madril, Paris, Honduras, Austerlitz, Ekuador eta gisako kanpoko izenekin ere.
Euskaltzaindiaren arabera, arauak ez du ez hobespenik ez lehentasunik adierazten aldaera bataren edo bertzearen alde. Erabilerari erreparatuz, hala ere, badirudi joera nagusi bat ari dela hedatzen:
- -e- gabeko aldaeraren alde egiten da -ko eta -tik kasuetan: Amaiurtik, Urrozko, Arraioztik...
- -e-rekin bertzeetan: Saldiasera, Oizeraino, Beintza-Labainera, Almandozeraino...
Kontsonante guzietarako balio du paradigma horrek, non eta ez dagoen morfofonologiazko egokitzapenen bat egin beharrik.
- -tz bukaera duten izenetan (Zarautz, Agoitz). Kontsonantez hasten bada kasu marka, bukaerako -tz hori -z bilakatzen da: Zarauztik/Zarautzetik..., Agoizko/Agoitzeko... Horietan ere bi moldeak zuzenak izanagatik, -e- gabeko moldearen alde egitea gomendatzen du Euskaltzaindiak: Zarauzko, Zarauztik, Agoizko, Agoiztik...
- -n edo -l bukaera duten izenetan, -tik forma -dik bilakatzen da: Iturendik/Iturenetik, Arizkundik/Arizkunetik...... Horietan ere bi moldeak zuzenak izanagatik, joera nagusia -e- gabekoaren aldekoa dela dirudi: Iturengo, Arizkundik...
Kanpoko izenei buruz ez dago araurik. Euskaltzaindiak munduko estatuen izenak arautzean, molde honetara jokatu du (-ko kasua bakarrik ageri da datuetan):
- -n edo -l bukaera duten izenetan, -go egiten du: Sudango, Beningo, Leóngo, Brasilgo, Portugalgo, Israelgo, Madrilgo...
- -r eta -s bukaera dutenetan, -ko: Ekuadorko, Timorko, Hondurasko, Laosko...
- Gainerakoetan, -e- ageri da: Irakeko, Kuwaiteko, Txadeko...
Hala ere, araurik ez dagoenez, ezin da erran gaizki daudenik bertze hauek: Portugaleko, Madrileko, Timorreko...