Industriak eskualdeko ekonomian duen pisua murritzagoa da urtetik urtera

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 20a

Aldaketa ekarri zuen industriak eskualdera, eta urte azkarkitan indar handiko sektorea izan da. Gaur egun, ordea, egoera ez da duela hamarkada batzuetakoa. Industrian lanean ari diren langileen kopurua jausten ari da; batez ere, metalgintzan sumatzen da gainbehera.

Eskualdeko industriaren panorama aldatzen ari da. Urte aunitzetan industriaren ikur izan diren enpresen martxa ez da lehengoa. TTIPI-TTAPAren eremuan langile gehien izan dituzten lantegietako datuei erreparatzea aski da horretaz ohartzeko. Konparazio batera, Lecta enpresaren Leitzako Torraspapel paper lantegian –garai bateko Sarriopapel– 1.500 bat langile izatera ailegatu ziren, eta gaur egun, 350 bat dira lanean. Bortzirietan eta Bertizaranan, berriz, garai bateko Laminaciones lantegian –gaur egun Arcelor Mittal–, urterik hoberenetan, 2.000 langile baino gehiago aritu ziren: 1.400 bat Lesakako lantegian, 585 inguru Zalaingoan eta 190 bat Legasakoan. Gainbehera begi bistakoa da: Lesakako Arcelorren 210-220 langile dira gaur egun, Zalaingoan 295 langile eta Legasako lantegia itxi dute.

Eskualdeko industriak hartu duen azken kolpe handiena izan da Legasakoa. Baina ez da hondarreko urteotan itxi duten industriako enpresa bakarra. Nafarroako Enpresen Behatokiaren azken datuen arabera –datuak 2024koak dira–, 164 enpresa dira eskualdean industrian ari direnak, eta 2021ean, adibidez, 187 ziren.

 

Langile kopuruari dagokionez, Nastat Nafarroako Estatistika Erakundearen datuetan ageri denez, 2022tik honat puntu bat jautsi da industrian ari direnen kopurua: 2.343 ziren 2022an (langile guzien % 22,67) eta 2.252 dira egun (%21,70). Eta bertze datu bat: eskualdean industrian ari diren lantegiak 160tik goitik baldin badira ere, langileen hamarretik zazpi baino gehiago hamabi lantegitan pilatua da. Leitzako Torraspapel (350 bat langile), Zalaingo Arcelor Mittal (295), Lesakako Arcelor Mittal (210-220), Berako Martiko (160) eta Berako Caveo (146) dira langile gehien dituztenak.

Edozein moduz, industria hizpide hartuta, badira kontuan hartu beharreko aldagaiak. Bertzeak bertze, industriako azpisektoreak, herrien arabera industriak duen garrantzia, eta generoa, sektore maskulinizatua baita.

Jardueraren arabera

Jardueraren arabera, egoera aldakorra da. Batez ere urterik emankorrenetan ehunka eta ehunka langile hartu dituen metalgintzan sumatu da langile kopuruaren beheititzea. Baina bertze azpisektore batzuetan, elikagaien industrian edo industria farmazeutikoan, adibidez, hazten ari da langileria.

Herriz herri aldea

Sektoreka, eskualde osoan zerbitzuen alorrak ditu langile gehien: langileen % 64,07 horretan ari baitira. Industria da zerrendan hurrengoa, langileen % 21,70ekin; eraikuntzan ari direnak % 7,95 dira eta nekazaritzan % 5,42. Nastaten arabera, zehaztu gabeko lanbideetan % 0,86 ari dira.

Baina herriz herri bada aldea. Aranon, Urdazubin eta Zugarramurdin, adibidez, bertzeetan baino koska bat goitiago dago zerbitzuen sektorea: Aranon langileen % 88,89 alor horretan ari dira, Zugarramurdin % 76,77 eta Urdazubin %73,91. Eta hara non, industriak hiru herri horietan du pisurik ttikiena: Aranon (0), Zugarramurdin (% 5,05) eta Urdazubin (% 7,07). Balantzaren bertze aldean, berriz, lau herri: Industriak indar handiena Areson (langileen % 34,33 industrian), Igantzin (% 33,06), Beintza-Labaienen (% 32,43) eta Leitzan (% 32,22) du. Gainerakoan, zerbitzuetan langile guttien dituztenak Oiz (% 40), Eratsun (% 42,11), Ezkurra(% 46,88) eta Beintza-Labaien (% 47,30) dira.

Bertzalde, nekazaritzan langile gehien dituzten udalerriak Urroz (langileen %16,67 sektore horretan), Beintza-Labaien (% 10,81) eta Urdazubi (% 10,33) dira, eta guttien dituztenak Bera (% 1,78) eta Doneztebe (%1,94). Eraikuntza, berriz, Eratsunen (langileen % 17,54 eraikuntzan), Iturenen (% 14,61) eta Oizen (% 14,33) da nagusi. Eta langile guttien, Elgorriagan (% 3,49), Beintza-Labaienen (% 5,41), Aranon (% 5,56), Lesakan (% 5,76) eta Beran (% 5,90) ditu.

 

Sektore maskulinizatua

Generoa ere aipatu beharrekoa da, emakumezkoek industrian duten presentzia apala baita. Gaur egun, eskualdean industrian ari diren langileetatik % 21,49 dira emakumezkoak.

Ez da desoreka bakarra. Emakumezko eta gizonezko langile gehienek zerbitzuetan lan egiten badute ere, bada aldea batetik bertzera: Emakumezkoetan, % 83,13 zerbitzuen alorrean ari dira eta sektore horretan ari diren gizonezkoak % 47,04 dira. Emakumezkoetan, % 9,89 dira industrian ari direnak, eta gizonezkoetan, % 32,25; nekazaritzan, emakumezkoen % 4,11 ari dira eta gizonezkoetan, portzentajea % 6,60koa da; zehaztu gabeko lanetan ari direnak % 1,45 dira emakumezkoetan eta % 0,33 gizonezkoetan; azkenik, emakumezkoen % 1,43k lan egiten dute eraikuntzan eta gizonezkoetan dezente gehiago dira: % 13,77.

Ordezkaritza sindikala

Egoeraz hausnartu nahian, eskualdean ordezkaritza duten sindikatu nagusien atea jo du TTIPI-TTAPAk. Asier Calderon LAB sindikatuko Nafarroako industria arduradunarekin, Juanma Altzuarte UGTko Baztan-Bidasoko ordezkariarekin eta Eva Ziaurriz CCOOko Nafarroako idazkari nagusiarekin bildu da, baita ELAkoekin ere. Sindikatu honek ardurak eremuka banatuak dituenez, bi ordezkari ageri dira, Jon Basterra Oarso-Bidasoko industria arduraduna eta Gorka Vierge Leitzaldeko eta Sakanako arduraduna.

Lantegi nagusiak eta ordezkaritza sindikala
 
Lantegia Langileak ELA LAB UGT CCOO Independ
Alco (Bera) 58 2       1
Arcelor Mittal (Lesaka) 210-220 4 1 3 1  
Arcelor Mittal (Zalain) 295 5 2 3 3  
Caveo —Funvera— (Bera) 146 7        
Corenso Leiza —Mandriladora— (Areso) 43   3      
Hidro Rubber (Lesaka) 79         2
Lozy's (Lekaroz) 70-75 5        
Maderas Mejoradas I.—Gurea— (Bera) 46 1 2      
Martiko (Bera) 160         1
Savera (Bera) 80 7        
Torraspapel —Sarrio— (Leitza) 350 3 10      
Verkol SA (Bera) 57   5      
GUZTIRA 1600* 34 25 6 6 4

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun