Jon Basterra - ELA

«Enpresen irabazi historikoak ez dira langileen sakelara ailegatzen»

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 20a

Jon BASTERRA, ELAren Bidasoko industria arduraduna.

Jon BASTERRA, ELAren Bidasoko industria arduraduna.

Baztan-Bidasoko industriaren egoerari begira hasita, «denetarik» dagoela dio Basterrak, baina «orokorrean, irakurketa ez da ona».

«Aspalditik ari gara Arcelorreko zuzendaritzaren jarrera salatzen. Etengabeko suntsiketa egiten ari da, enpresa ongi doan arren, enplegua erregulatzeko espedienteak etengabeak dira haien planetan»

Horren adibide, Arcelor Mittal aipatu du: «Aspalditik ari gara Arcelorreko zuzendaritzaren jarrera salatzen. Etengabeko suntsiketa egiten ari da, enpresa ongi doan arren, enplegua erregulatzeko espedienteak etengabeak dira haien planetan. Helburu argia dute, ahalik eta diru gehien irabazten segitzea. Azken adibidea Legasako plantaren itxiera izan da, Arcelorrek aspaldi hasi zuen desegite prozesuaren azken adibidea».

Bertze enpresa batzuetako egoera ere hartu du hizpide: «Caveo, adibidez, etengabeko itxiera mehatxuarekin bizi bada ere, hortxe segitzen du». Baina argi du: «Nafarroan, eta bereziki iparraldean, industriaren egoera ez da ona». Oroitarazi duenez, «ELAk denbora darama Euskal Herrian industria hartzen ari den bidea salatzen». Bere irudiko, «enpresak, orokorrean, ongi doaz eta batzuk irabazi historikoak izaten ari dira, baina hori ez da langileen sakelara ailegatzen». Gehiago ere bai: «Horri EAEko eta Nafarroako instituzioek bultzatzen duten eredu ekonomikoa gehitu behar diogu, eta eredu hori gero eta gehiago oinarritzen da turismoan eta zerbitzuetan.

Ahoa solas politekin betetzen dute, baina industriara bideratutako plan sendorik ez dute bultzatzen, kontrakoa baizik». Basterraren ustez, «industria defendatzeko modurik eraginkorrena bertan lanean dauden langileen baldintzak hobetzea eta defendatzea da». Bertze hausnarketa bat ere egin du nazioarteko egoeraren eraginaz galdetuta: «Nik ez badut nire lanak sortutako aberastasunaren arabera hartzen, zergatik asumitu behar dut aberastasun horren marjina ttikiagoa denean?». Legasako lantegiaren itxieraren harira, berriz, Nafarroako Gobernuarekin kritiko mintzatu da: «Gobernua gatazkan moderatzaile ariko zen zurrumurrua zabaldu zen, baina ez zen halakorik gertatu. ELAkook bilera bat ere eskatu genion, baina ez genuen inoiz bilera egiteko proposamenik hartu. UGTk, ordea, lortu zuen gobernuarekin biltzea, baina bertan solastatutakoa misterio hutsa da.

Argi dagoena da ez zuela deusetarako balio izan». Eskualdeko egoera ikusita, «egoerari buelta emateko erronka handia» dela gehitu du, eta horretarako sindikatuak «langileen arteko zubia» izatearen garrantziaz aritu da. «Enpresetan estutzeko beharra» ere aipatu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun