Gaur egun, ordea, «egoera lasaia» dela dio: «Mundua oso ezegonkorra denez, egun batetik bestera egoera aldatzen ahal da, baina epe motzean, behintzat, ez dugu arazorik aurreikusten».
Indarguneez eta ahulguneez ere aritu da, «batzuetan indargunea ahulgune bilakatzen ahal dela» ohartaraziz: «Leitzaldeko industriaren indargunea, dudarik gabe, Lecta enpresa bera da, Torraspapelen jabe dena. Baina Lecta hemen egoteak ez du pentsatzen genuen bezainbeste lan osagarririk ekarri. Azken urteotan ez da lanpostu gehiago sortu. Leitza oso toki estrategikoa da, eta toki erakargarria dela saldu behar genuke, jendea oso formatua eta kualifikatua dela, eta lana ongi egiten dela».
«Inbertsiorik gabe ez da etorkizunik. Enpresa Torraspapelen inbertitzen ari da, baina gutxinaka-gutxinaka, guk eskatu baino askoz gutxiago»
Etorkizunera begira, «lanpostuak bermatzea» da Viergeren ustez erronka, eta horrekin batera, enpresari inbertsioak eskatu dizkio: «inbertsiorik gabe ez baita etorkizunik. Enpresa Torraspapelen inbertitzen ari da, baina gutxinaka-gutxinaka, guk eskatu baino askoz gutxiago». Nafarroako Gobernuari, berriz, «pauso bat gehiago eta inbertsioak garatzeko erne egoteko» eskatu dio.
Horrekin batera, administrazioak «batzuetan duen jarrera pasiboa» kritikatu du: «Enpresak itxi behar duela esaten duenean, 'ze pena, zuekin gaude' esaten du, baina negar egin eta elkartasuna adieraztetik haratago, jarrera proaktiboa izan behar du, enpresak erakarriz. Azken aldian izan diren itxialdietan, ez dut uste Nafarroako Gobernuak irmo jokatu duenik; gehiago egiten ahal zuen». Honela gaineratu du: «Urteak pasatuta, produktua zaharkitua gelditzen bada, egun batetik bestera enpresak lantegia itxiko duela esaten ahal du. Multinazionalek ez dute ez begirik, ez bihotzik, ez deus. Zenbakiak bakarrik ikusten dituzte. Leitzako enpresa produktiboa bada, mantenduko dute, baina beste toki batean merkeago egiten ahal dutela ikusten badute, jarraipena ezbaian jartzen ahal dute». Eta bukatzeko, berriz nabarmendu du: «Gaur egun, Leitzako lantegiaren egoera ez dago zalantzan, baina batek daki zer gerta daitekeen hemendik bost edo hamar urte barru».