Eva ZIAURRIZ- CCOO

«Dagoena mantenduta bertze industria mota batzuk garatu beharko lirateke»

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 20a

Eva ZIAURRUZ, CCOO sindikatuaren Nafarroako idazkari nagusia.

Eva ZIAURRUZ, CCOO sindikatuaren Nafarroako idazkari nagusia.

CCOO sindikatuak Lesakako eta Zalaingo Arcelor Mittal lantegietan eta Berako Saveran du ordezkaritza, eta horietaz aritu da Ziaurriz.

Bere hitzetan, «Saveran, ez dugu arazorik aurreikusten», eta Arcelorren «egoera nahiko egonkorra da. Urteak daramatzate enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak aplikatzen, eta beraz, lan karga ez da handia. Zalainen, lan gehiago dute, baina aurten aurreikusi baino guttiago izan dute».

Hala ere, «ez dugu atzendu behar multinazional batez ari garela», azpimarratu du: «Galerak izan gabe ere, halako enpresek erabaki drastikoak hartzen dituzte, eta horrek ziurgabetasuna sortzen du». Orokorrean, industrian, «metalgintza eta autogintza sufritzen» ikusten ditu, «Europa eta mundu mailako aldaketen» eraginez. Aldiz,«elikagaien industria hazten» ari dela iruditzen zaio, «indartsu» dagoela.

«Nafarroa iparraldeko industriak aspaldi ez du lanposturik sortu, eta dagoena mantenduta, bertze industria mota batzuk garatu beharko lirateke»

Joera horrek eskualdeko industrian duen eragina aipatu du: «Nafarroa iparraldean industria tradizionala da nagusi, metalgintza, eta hori da gehien sufritzen ari dena. Elikagaien industria gehiegirik ez dago, eta beraz, eskualdeko industria ez da garatzen ari». Hori da bere ustez, ahulgunea: «Nafarroa iparraldeko industriak aspaldi ez du lanposturik sortu, eta dagoena mantenduta, bertze industria mota batzuk garatu beharko lirateke, ikerketan eta garapenean oinarrituta balio erantsia sortzen duen industria». Dioenez, «Nafarroa iparraldean, hori probestu beharko litzateke eta abeltzaintzatik eratorritako agroelikaduraren industria sortu».

Bertzetik, eskualdeko indarguneei dagokienez, «pertsonak» aipatu ditu, «eskulana. Langile kualifikatua da, prestatua, eta horrek egiten duenari kalitatea ematen dio. Horregatik funtzionatu du industriak hemen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun