JUANMA ALTZUARTE- UGT

«Legasako lantegia ixtera kondenatua zen eta baldintza onak lortu ditugu»

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 20a

Juanma ALTZUARTE, UGTren Baztan-Bidasoko arduraduna.

Juanma ALTZUARTE, UGTren Baztan-Bidasoko arduraduna.

Arcelor Mittalek eskualdean dituen lantegietan ordezkaritza du UGTk, eta Juanma Altzuarte sindikatuak Baztan-Bidasoan duen ordezkaria da.

Alde batetik, lantegi horietan, «langile gehienak Baztan-Bidasoa eta Gipuzkoa aldekoak» direla zehaztu du. Eta bertzetik, industria nola ikusten duen galdetuta, «oro har, eusten dio», erantzun du. Bere irudiko, «autogintzan edo metalgintzan, enpresek goiti-beheiti handiak dituzte, baina bertze produktu batzuetara dedikatzen diren enpresetan, egoerari eusten ari dira».
 

Legasako lantegiaz:

«Erraza da egiten den lana kritikatzea»

Baztan-Bidasoko egoeraren harira, Legasako lantegia hartu du hizpide. Itxi izana «kolpea» izan dela onartu du, baina «langileentzat baldintza duinak eta arrunt onak lortu» dituztela ere gaineratu nahi izan du. Eta gehiago ere erran du: «Erraza da egiten den lana kritikatzea». Altzuartek esplikatu duenez, «UGTk Legasako lantegia irekia mantentzeko borroka egin zuen, horien artean grebak eta manifestazioak barne, baina ez dago Legasako lantegia ixtera kondenatua zegoela ikusteari uko egiten diotenak baino itsuagorik. Eta uste dugu baldintza onak lortu zirela, eta langileek babestuta».

Etorkizunera begira «merkatuan lehiakorragoak izateko hobekuntzak eta makinerian inbertsioak eginen dituen industria plan bat» eskatu ditu UGTko ordezkariak. Horrekin batera, hauxe gaineratu du: «Baztan-Bidasoko lantegi gehienetan ikusten den langile faltak ekoizpena handitzea eragozten du. Enpresaburuen akatsa da gauza bera jende gutiagorekin egiten saiatzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun