asier calderon - LAB

«Gaur egun industria ez da sektore erakargarria gazteentzat»

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 20a

Asier CALDERON, LABen Nafarroako Industriako arduraduna.

Asier CALDERON, LABen Nafarroako Industriako arduraduna.

«Jardueraren arabera, industriaren egoera aldatzen dela» erranez hasi da Calderon. «Adibidez, kimikaren industrian, Lozy’s enpresa hazi egin da eta Verkolen langile kopurua handitu da».

Bertze aldean, metalgintza ikusten du, eta tartean, Arcelor Mittal: «Legasako lantegian zer gertatu den ikusi dugu, Lesakakoan urteak daramatzate langile kopurua murrizten, eta Zalaingo lantegian ziurgabetasun handia da». Eskualdetik kanpo ere joera hori omen da: «Lanpostuak suntsitzen edo tokiz mugitzen ari dira, bereziki, metalgintza eta autogintzan».

Legasako lantegia itxi izana «kolpe gogorra» izan dela errateaz gain, bere «haserrea» erakutsi du, «Arcelorren dinamika» salatuz. Datuak eman ditu: «2016an, Legasan 120 langile ziren, eta orain, itxi dutenean, 45 ere ez. Tarte horretan ez da kaleratzerik izan». Enpresaren «estrategia» gaitzetsi du: «Langileak nahi bezala erabiltzen ditu errelebo kontratuekin. Jubilatzeko adinera ailegatzen direnei errelebo kontratua egiten diete, eta horien partez hartzen dituzten langileak edo errelebistak Asturiasko lantegira bideratzen dituzte. Hala, hemen gero eta lanpostu guttiago dira». Joera hori «aspaldikoa» dela kontatu du, «baina inork ez du deus egin nahi izan. Legasako lantegiarena aurreikusitako itxiera izan da». Are gehiago: «Kezka eta haserrea sortzen digu Lesakako lantegiak bide hori hartzen ahal duela ikusteak, estrategia bera baitarabilte».

Bertze azpisektore batzuk, berriz, «mantentzen» direla dio: «Adibidez, zerrategiak. Eraikuntzaren egoerak eragiten die, baina egonkortua da». Eta Torraspapelen harira, zera erran du: «Nahiko arriskuan ibili zen, duela urte bat enpresak enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea aurkeztuta. Baina borroka eginez, alde batera utzi genuen. Beti mesfidati, baina egun, lanpostuak eta lan zama egonkortuak dira».

Agerian utzi du industriak «eskualdean izugarrizko garrantzia izan duela eta duela», eta indarguneen artean, «hemengo eskulan kualifikatua, kalitatezko lana eta kokapen geografiko estrategikoa» nabarmendu ditu. Baina badira ahulguneak, eta tartean, «zoritxarrez, eskualdeko industria gehiena transnazionalen esku» izatea aipatu du. Bere irudiko, nahitaezkoa da «erabakiguneak hemen izatea. Bertako industria indartu behar dugu, gure ehun industriala defendatu. Transnazionalen esku daudenean, haiei ez zaie inporta hemengo lantegi bat egun batetik bertzera itxita».

«Bizi proiektu bat eraiki nahi duenak ziurtasuna nahi du eta industriak ez du bermatzen. Gazte aunitzek egonkortasuna oposizioak eginez bilatzen dute»

«Industria birpentsatzeko beharra» ere aipatu du, «jasangarria izateko. Industria behar da, baina trantsizio ekologikoaren erronka hor dugu eta langileen eskutik egin behar da». Lan baldintzen erronkaz ere aritu da: «Gaur egun industria ez da sektore erakargarria gazteentzat. Bizi proiektu bat eraiki nahi duenak ziurtasuna nahi du eta industriak ez du bermatzen. Gazte aunitzek egonkortasuna oposizioak eginez bilatzen dute». Ez hori bakarrik: «Garaiak aldatu dira, eta egun, bertze gauza batzuk baloratzen dira: bere garaian, igual soldata altuak, bertze sektore batzuetan baino lanaldi baxuagoak... gehiago baloratuko ziren, baina egun, baimenak, zaintzarako aukera, gauez ez lan egitea, osasuna...». Hala, industrian langile kopurua murriztearen gibelean, «bi arrazoi» ikusten ditu: «batetik, enplegu suntsiketa, bere garaian borroka eginda, hemen lan baldintza onak lortu zirelako; eta bertzetik, industria ez dela erakargarria». Gai hori «lantzeko» beharra azpimarratu du, baita «borroka kolektiboetan lanketa» egin behar dela ere: «80ko hamarkadan garaipenak ahalbidetu zituen komunitate eta langileria kontzientzia galdu da. Indibidualizazio prozesuan sartu gara eta langile eta kolektibo bezala pentsaraztea gure lana da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun