Noiz erabili ‘bitartean’?

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 24a

Oinarrizko balioan, denbora adierazten du bitartean adberbioak, eta ez da egokia bi perpausen arteko aurkaritza edo aldea adierazteko erabiltzea. Perpausaren arabera, aldea adierazteko, bitartean baino egokiagoak dira, bertzeak bertze, eta zein baina juntagailuak, eta berriz, ostera, aldiz, aitzitik eta ordea aurkaritzako juntagailuak.

  • ?Fonema kontsonantikoak 24 diren bitartean, bokalikoak 5 dira> Fonema kontsonantikoak 24 dira, eta (fonema) bokalikoak 5 / Fonema kontsonantikoak 24 dira; (eta) (fonema) bokalikoak, berriz, 5.
  • ?Zuzendariari soldata igo zioten bitartean, teknikariak lehengo moduan gelditu ziren> Zuzendariari soldata igo zioten, baina teknikariak lehengo moduan gelditu ziren.

Denbora adierazteko egokia da bitartean (bi ekintzak batera egiten direlarik).

  • Periko egur bila joan zen; bitartean, anaiak bazkaria prestatu zuen.
  • Fotokopiak egiten dituzun bitartean, nik kafeak ekarriko ditut.

*Oharra: Izartxoa dutenak gaizki daude. Eta ? zeinua daraman adibidearen gramatikaltasuna zalantzazkoa da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun