Zer da mailegu bat?
Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, mailegu bat hizkuntza batek bertze batean hitz bat edo osagai bat bereganatzea da, hau da, horrela bereganatutako hitz edo osagaia. Adibideak: abendu, aingeru, alkate, corpus, curriculum...
Zer da kalko bat?
Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, kalko bat hitz elkartu edo esapide baten osagaiz osagaiko itzulpena da. Adibidez, millorri gaztelaniazko milhojasen kalkoa litzateke.
Juan Garziaren arabera (2005), hizkuntza batek bertze baten eredutik berera egokitzen duen egiturari erraten zaio kalko (mailegu delakoa, berriz, prozedura gordinagoa da: bere horretan hartzen da elementu bat). Hitza ez da, berez, gaitzespenezkoa. Aunitzetan bezala, ordea, txarrera hartzen da bertzerik gabe kalko hitza, hots, kalko oker zentzuan.
Nolanahi ere, espero izatekoa da kontaktuan dauden hizkuntzek elkarri eragitea. Kontaktu adina eragin izaten ahal da (hainbat historikoki gertatu izan dira). Horien artean bada bat, tipikoa, talde nagusi baten hizkuntzak desoreka handiz hizkuntza menderatuago bati eragiten dionekoa. Hala, hizkuntza nagusia sendoago eta menderatua ahulago gertatzen da.
Zer da erdarakada bat?
Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, erdarakada bat erdaratik hartutako edo erdarak eragindako hitz edo joskera da, euskaraz arrotz gertatzen dena. Errate baterako: ? Mikel bilduta dago. Hobeki: Mikel bilera batean dago, Mikel bileran dago. (EBE: ?bilduta dago)
Zer da ‘*bestaz egon’ aditz lokuzioa?
Erdarakada gordin bat, gaztelaniaren egitura (estar de fiesta) euskarara ia bere horretan ekarritakoa, gaztelaniaz eta euskaraz ari den norbaitek errana (gaztelaniaz maizago eta, segur aski, zuzenago ari den norbaitek). Ukipenean dauden hizkuntzek elkarri eragitea ez da arrotza, ezta harritzekoa ere gure hizkuntzaren egoeran, baina bestaz egon modukoek erakusten dute menderatutako hizkuntza bigarren edo hirugarren mailako hizkuntza dela hiztunaren ahoan.
BIBLIOGRAFIA
EHULKUren aholkuak (EHU): hitzen mailegutza
Euskara Batuaren Eskuliburua (Euskaltzaindia): Kalko linguistikoa
Euskararen gramatika (Euskaltzaindia): Kalkoa
Garzia, Juan (2005). Kalko okerrak. EIMA: Eusko Jaurlaritza.
*Oharra: Izartxoa dutenak gaizki daude. Eta ? zeinua daraman adibidearen gramatikaltasuna zalantzazkoa da.