Sagardo eguna, bertso eguna, berdel eguna eta gisakoak hitz elkartuak dira. Hitz elkartuek balio generikoa izaten dute, ez dute erreferentzia konkreturik izaten, alegia: txori kaiola izen elkartuak, konparazio batera, kaiola mota bat adierazten du, ez kaiola jakin bat; bertso egun izen elkartuak ere egun mota bat adierazten du (bertsoak izan/izanen diren eguna alegia, eta hori berez egunero egin litekeen jarduna da), ez egun jakin bat.
Gisa horretan entendituta, egun hitzarekin hitz elkarte egokiak osatzen dira, baina erranahi generikoa dute, hala nola, eskola eguna, gogoeta eguna, elur eguna, greba eguna…
Baina urteko egun jakin batez ari garenean, -(r)en atzizkia lotu behar zaiela dio Euskaltzaindiak: Sagardoaren Eguna, Bertsoaren Eguna, Berdelaren Eguna, etab.
Gaia hizpide hartuta, txinatarren egutegiko urteen izendapenari egiten dio keinu Euskaltzaindiak: Arratoiaren Urtea ≠ arratoi urtea (arratoi aunitz izan den urtea), Untxiaren Urtea ≠ untxi-urtea, etab.
Eta ospakizun baten izendapena aditzera ematen denez, letra larriz hasita idazten dira hitz guztiak.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!