‘Busti al zarete’ edo ‘Busti zarete’?

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 6a, 09:00

Busti al zarete? eta busti zarete? biak ongi dira, eta hala dio Maite Lakarrek Malerreka aldeko mintzoak bere lanean. «Galderetan, al erabiltzen ahal da, hala nahi izanez gero, baina al gabe ere, galdera zuzenak eginen ditugula jakin behar dugu, hori baita Baztan-Bidasoaldean galderak egiteko modu nagusia».

Lakarrek berak dioenez, «Basaburu Ttiki aldean ohikoa da galderetan al partikula erabiltzea, Baztan-Bidasoan ez bezala. Berez, partikula horrek ez du erranahi berezirik eta euskalkiekin lotura du, ezaugarri hori ere Gipuzkoatik hurbil dauden herrietatik mendebaldera zabaltzen baita».

  • Ba al dakizue zuek eltzea nola eosten den ongi? (Ba al dakizue zuek eltzea nola egosten den ongi?)
  • Bai al dakik nun abillen? (Ba al dakik non habilen?)

Leitzaldean ere ohikoa da al partikula. Hala baieztatu dio Fernando Oiartzunek TTIPI-TTAPAri, «galderak ia beti al gorantza ahoskatuta» egiten direla.

  • Etorri al tza? (Etorri al zara?)
  • Bai al dakizo ze gertatu den? (Ba al dakizu zer gertatu den?)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun