‘Bazkalordu’ edo ‘bazkaltzeko ordu’?

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 5a, 10:00

Euskaltzaindiaren arabera, lotuta ageri da ordu izena hitz elkarte aunitzetan, <aditzoina + izena> erakoak direlako: jatordu, bazkalordu, afalordu, hitzordu, lanordu, ikastordu...

Hasierako galderari erantzunez, bazkalordu eta bazkaltzeko ordu biak zuzenak dira, eta berdin jatordu eta jateko ordu; afalordu eta afaltzeko ordu; lanordu eta lan egiten den ordua

Badira <izena + izena> mendetasunezko elkarteak ere, eta, horietan, marratxoz edo bereiz ageri da. Konparaziora, ampere-ordu eta kilowatt-ordu marratxoz idatzi behar dira nahitaez. Baina bertze hainbat marratxoarekin edo bereiz izaten ahal dira: jolas(-)ordu, otoitz(-)ordu, eskola(-)ordu, jarduera(-)ordu, asti(-)ordu, harrera(-)ordu, kontsulta(-)ordu... Molde horretakoak dira ordu(-)erdi eta ordu(-)laurden. Salbuespena: otordu da. Marra aukerakoa den kasuetan, TTIPI-TTAPAk marratxorik gabe idaztea erabakia du.

Bide batez, ordu eta ordutegi bi kontzeptu dira. Egoki daude hauek:

  • Sakelatik trenen ordutegia atera zuen.
  • Eskolen ordutegia.

Baina hauek esaldi desegokiak dira:

  • *Ikus-entzule gehien biltzen den ordutegia > Ikus-entzule gehien biltzen den ordua.
  • *Bazkaltzeko ordutegia > Bazkaltzeko orduak.

Zenbat ordu (denbora) egon zara? galderari erantzuteko, berriz, modu zuzen bat baino gehiago dago: zortzi ordu / zortzi orduan / zortzi orduz….

*Oharra: Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun