Hasierako galderari erantzunez, bazkalordu eta bazkaltzeko ordu biak zuzenak dira, eta berdin jatordu eta jateko ordu; afalordu eta afaltzeko ordu; lanordu eta lan egiten den ordua…
Badira <izena + izena> mendetasunezko elkarteak ere, eta, horietan, marratxoz edo bereiz ageri da. Konparaziora, ampere-ordu eta kilowatt-ordu marratxoz idatzi behar dira nahitaez. Baina bertze hainbat marratxoarekin edo bereiz izaten ahal dira: jolas(-)ordu, otoitz(-)ordu, eskola(-)ordu, jarduera(-)ordu, asti(-)ordu, harrera(-)ordu, kontsulta(-)ordu... Molde horretakoak dira ordu(-)erdi eta ordu(-)laurden. Salbuespena: otordu da. Marra aukerakoa den kasuetan, TTIPI-TTAPAk marratxorik gabe idaztea erabakia du.
Bide batez, ordu eta ordutegi bi kontzeptu dira. Egoki daude hauek:
- Sakelatik trenen ordutegia atera zuen.
- Eskolen ordutegia.
Baina hauek esaldi desegokiak dira:
- *Ikus-entzule gehien biltzen den ordutegia > Ikus-entzule gehien biltzen den ordua.
- *Bazkaltzeko ordutegia > Bazkaltzeko orduak.
Zenbat ordu (denbora) egon zara? galderari erantzuteko, berriz, modu zuzen bat baino gehiago dago: zortzi ordu / zortzi orduan / zortzi orduz….
*Oharra: Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.