‘Denda itxia’ edo ‘denda itxita’?

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 26a, 09:00

Bi formak, itxia eta itxita, zuzenak dira. Eta gehiago ere bai: Partizipioari -ik paratuta sortutako itxirik ere zuzena da. Baita hertsirik ere.

Izan ere, aditza egon edo eduki denean, partizipioa bi modu horietan agertzen ahal da esaldian. Baina aditza izan edo ukan denean, -a(k) bakarrik erabiltzen da.

EGON ETA EDUKI ADITZAK

Egon eta eduki aditzekin -ta/-ik atzizkiak edo -a(k) artikulua hartuz jokatzen ahal da:

  • nekatuta/nekaturik/nekatua(k) nago/gaude
  • ikusita/ikusirik/ikusia(k) dau(z)kat
  • itxita/itxirik/itxia dago

Baina *nekatutak gaude forma okerra da. Adberbioak direnez, ez dira aldatzen, ez dira ez singular ez plural.

  • *Nekatutak gaude > Nekatuta gaude
  • *Ikusitak dauzkat > Ikusita dauzkat.
IZAN ETA UKAN ADITZAK

Izan eta (eta ukan) aditzarekin, berriz, -a(k) artikulua hartuz jokatzea gomendatua du Euskaltzaindiak. Bi xehetasun:

  • Ez dute -ta aukera erabili ohi:
    • *Film hori ikusita dut > Film hori ikusia dut (+ ikusita/-ik/-a daukat)
    • *Salduta ditu liburu guztiak > Salduak ditu liburu guztiak (+ salduta/-ik/-ak dauzka)
    • *Nekatuta naiz dagoeneko > Nekatua naiz dagoeneko (+ nekatuta/-ik/-a nago).
  • Euskalki gehienetan, -ik aukera ez da erabili izan, baina zubereraz bai (eta egungo idazle aunitzek ere bai):
    • Nekaturik naiz.
    • Batzuk biluzirik ziren.
    • Eriturik zen hura.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun