Batere ≠ deus

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 13a, 12:00

Batere eta deus (ezer) baliokideak dira zenbait kasuetan, baina ez beti.

Baliokideak dira, aditzaren osagarri, era honetako esaldietan (batere =deus, ezer)

    • Ez dut batere ikasi. Ez dut deus/ezer (ere) ikasi.
    • Ez du batere saldu. Ez du deus/ezer (ere) saldu.
    • Ez dugu batere sinesten. Ez dugu deus/ezer (ere) sinesten.

Hauetan, ordea, ez dira erabat kidekoak:

  • Batere erabil daiteke adjektiboaren maila adierazteko; ezer eta deus, ez.
    • Erabaki hori ez da batere erraza (*deus erraza).
    • Ez da batere kontu garbia (*deus... garbia).
    • Neska-mutil horiek ez dira batere ikasle onak (*deus... onak).

  • Batere erabil daiteke adberbioaren maila adierazteko ere; ezer eta deus, ez.
    • Ez dago batere ongi errana (*deus ongi).
    • Ez gara batere segur mintzo (*deus seguru).
    • Maiz mugak ez daude batere garbi (*deus garbi)

  • Batere ongi egokitzen da <-ik + izena> egiturarekin (izena ezkerrean edo eskuinean duela); ez, ordea, ezer eta deus.
    • Batere atsekaberik hartu gabe. Ez dut dudarik batere.
    • Eta haurrek ez dakitela euskararik batere?
    • Ez duzu laguntzarik hartuko batere.
    • Beldur(rik) batere gabe etorri da.
    • Batere nekerik gabe egin dute.

  • Aditzaren osagarri denean, ukapen osoa hobeki adierazten du baterek:
    • Ez da batere erabiltzen.
    • Ez dut batere gogoko...
    • Batere begiratu gabe egin dut.
    • Ez naiz batere harritzen.
    • Goiz jaikitzea ez zait batere kostatzen.
    • Filma ez zitzaidan batere gustatu.

*Oharra: Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun