*Iruña edo Iruñea?

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 25a, 08:00

Euskaltzaindiak Iruñea forma erabakia du, eta bukaerako -a hori artikulua du, eta beraz, honela erabili behar da: Iruñea, Iruñeak, Iruñeari, Iruñean, Iruñetik, Iruñeko... (*Iruñeako, *Iruñeatik...).

Bertzelakoa da udalak edo foru administrazioak erabakitakoa: Iruña, baina irizpen akademikoa kontuan hartu gabe. Dena dela, arazoa NOR kasuan baino ez da agertzen; izan ere, bertze kasuetan, udalak berak ere, Iruña hobetsi arren, Iruñeko, Iruñetik, Iruñean eta abar erabiltzen baitu. Iruinea forma ere desegokia da.

Toponimia beregaina da; bere arau morfologiko eta sintaktiko bereziak ditu, eta inon ez dira nahasten literatur hizkuntzarenekin. Oinarrizko irizpide horrek argitzen ditu bikoiztasun hauek: oihartzun da izen arrunta, baina Oiartzun da herriaren izena; harri, baina Arrigorriaga...

Euskaltzaindiaren arabera, toponimiako herri izenek eta abizenek grafiako ohiturek ere ez dute zertan era berean joan beti, batzuen eta bertzeen bilakaera historikoa ez baita aunitzetan berdina izan: Iurre, Iantzi/Ihantzi/Igantzi, Oñate... (abizenak); Igorre, Igantzi, Oñati... (toponimia).

*Oharra: Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun