Genitiboa —-ena egin esapidean zehazki— izenik gabe ere erabiltzen da, eta euskal modu bere-bereak sortzen ditu:
- Zoroarena egin (zoroaren itxurak egin).
- Gaztearena egiten duten zaharrak.
Euskaltzaindiaren arabera, aditz-partizipioarekin eratuak ere ugari dira. Ez ikusi/ikusia/ikusiarena egin, ez entzun/entzuna/entzunarena egin, ez ezagutuarena egin eta gisako esapideak:
- Ez ikusiarena egin nuen.
- Aitaren errietari ez entzunarena egin
Aditz-izenean (-t(z)e) oinarritutakorik ez dago. Alegia, antiojoak ongi paratzearena egin gisakorik ez dago. Horien ordez, honelakoak erabiltzen dira: Antiojoak ongi paratzeko imintzioa (keinua, planta(k)) egin z(it)uen.
Bide batez, erdararen kalko desegokiak dira hauek:
- *Ez ezazu txorimaloa egin > Ez ezazu txorimaloarena egin.
- *Beti zabiltza tontoa egiten > Beti zabiltza tontoarena egiten.
- *Ez ibili pailazoa egiten > Ez ibili pailazoarena egiten.
*Oharra: Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.