*Hontan edo honetan?

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 12a, 10:00

Erakusleei buruzko zehaztapen batzuk bildu ditu TTIPI-TTAPAk aldi honetan Euskararen Txokoan. Euskaltzaindiaren arabera, desegokiak dira honako forma hauek: *hontan, *hontatik, *hontako, *hortan, *hortatik, *hortako… Honela behar dute: honetan, honetatik, honetako, horretan, horretatik, horretako...

Honetaz, horretaz eta hartaz formen baliokideak dira honez, horrez eta harez formak. Edozein moduz, honetaz, horretaz eta hartaz (eta hauetaz, horietaz eta haietaz) formak hobetsiak ditu Gramatika batzordeak.

Honez, horrez eta harez (eta hauez, horiez eta haiez) esapide jakinetan bakarrik erabili behar dira, ez erakusle soil moduan. Ongi daude, lokailu moduan, honez gain(era) eta horrez gain(era) moduko erabileretarako:

  • Berezko sena zuen jendea ezagutzeko, eta, horrez gain (= horrez gainera), bihotz zabala.
  • Horrez gain(era), leize handi bat dago zuen eta gure artean.

Ez da zuzena erakusle modura erabiltzeko:

  • *Etxe horrez mintzatu gara > Etxe horretaz mintzatu gara.
  • *Ez ziren lagun horiez oroitu > Ez ziren lagun horietaz oroitu.
  • *Etxe horrez gain, bertze bat ere badu > Etxe horretaz gain, bertze bat ere badu.

*Oharra: Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun