Honetaz, horretaz eta hartaz formen baliokideak dira honez, horrez eta harez formak. Edozein moduz, honetaz, horretaz eta hartaz (eta hauetaz, horietaz eta haietaz) formak hobetsiak ditu Gramatika batzordeak.
Honez, horrez eta harez (eta hauez, horiez eta haiez) esapide jakinetan bakarrik erabili behar dira, ez erakusle soil moduan. Ongi daude, lokailu moduan, honez gain(era) eta horrez gain(era) moduko erabileretarako:
- Berezko sena zuen jendea ezagutzeko, eta, horrez gain (= horrez gainera), bihotz zabala.
- Horrez gain(era), leize handi bat dago zuen eta gure artean.
Ez da zuzena erakusle modura erabiltzeko:
- *Etxe horrez mintzatu gara > Etxe horretaz mintzatu gara.
- *Ez ziren lagun horiez oroitu > Ez ziren lagun horietaz oroitu.
- *Etxe horrez gain, bertze bat ere badu > Etxe horretaz gain, bertze bat ere badu.
*Oharra: Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.