Hona adibide batzuk: Atertu du, euria egin du, eguna luzatu du, haizea aldatu du, haizea atera du, elurra ari du…
Baina badira bertzelako egiturak eta hona hemen adibide batzuk:
- Euria/elurra/kazkabarra izan: Euria da; Kazkabarra da goian-behean…
- Hotz/bero izan edo egon: Hotz da karrikan; Bero da kanpoan; Kanpoan haizea dabil eta hotz dago; Itzalean ere bero handia dago…
- Ateri/eguzki izan: Kanpoan ateri da…
- Oskarbi/eder izan: Oskarbi da; Eder da aroa…
- Ateri/oskarbi/izar/goibel/hodeitsu… egon: Ateri dago; Izar dago; Zerua goibel dago…
- -tzen ari izan: Argitzen ari du; Iluntzen ari du; Freskatzen ari du…
- Ari izan: Elurra ari du; Langarra ari du; Hotz handia ari du.
- Izena+egin: bero/hotz/sargori egiten du; Gaur horma egin du; Elurra egin du…
Eguraldia hizpide hartuta, kontuan izan behar dugu, Elurra ari izan eta elurra izan moldeak aspektua puntukaria denean soilik erabiltzen direla, hau da, ekintza oraindik bukatu gabe dagoela adierazteko: Elurra, euria... ari du/zuen mendian. Elurra da/zen mendian.
Elurra egin, berriz, aspektua ez puntukaria denean, hau da, ekintza bukatua dela adierazten duenean: Iaz elur aunitz egin zuen.