‘Lan asko egin du horrek’ ≠ ‘Lan handia egin du horrek’

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 30a, 09:00

Asko (aunitz, anitz…) eta handia hitzek ez dute esanahi bera, kalkoz sarri nahasten badira ere. Zenbat (asko/gutxi) eta nolakoa (handi/txiki, luze/labur) galdetzaileak daude jokoan.

Hona hemen adibide batzuk:

  • Su asko bada, han eta hemen sortutako suez ari gara (zenbat su?).
  • Su handia bada, aldiz, bakarraz ari gara eta su hori handia (nolako sua?) dela diogu.
  • Lan asko egin d(it)u horrek = Hainbat lan egin ditu.
  • Lan handia egin du horrek = Lan bakarra, handia, egin du horrek.

Horrelako ezberdintasunik ez dago, ordea, beldurra, hotza, gosea, mina, tristura eta gisakoez ari garenean, horiek ez baitute zenbat onartzen (zenbat beldur?), nolakoa baizik (nolako beldurra?); ez dute kantitatea adierazten, intentsitatea baizik. Beraz, hauek ez dira zuzenak: *beldur asko, *hotz asko, *lotsa asko, *gose asko, *min asko... Horien partez honela belar dute: beldur handia, hotz handia, lotsa handia/ederra/gorria/galanta, gose handia, min handia...

Nolanahi ere, araua ez da hain estua kontrakoa denean: ez da ke txikia, baizik eta ke gutxi. Beraz: ke handia / ke gutxi, maitasun handia / maitasun gutxi, beldur handia / beldur gutxi, lotsa handia / lotsa gutxi, gogo handia / gogo gutxi...

*Oharra: Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun