Eskualdeko bi herritan eskualdeko bi artistek sortutako lanak Geuretik Sortuak ekimenean

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 17a, 08:00

Geuretik Sortuak bekaren irabazleetako batzuk eta herrietako ordezkariak martxoan Beran egindako aurkezpenean.

Geuretik Sortuak beka deialdiaren bigarren edizioa egiten ari dira aurten eta heldu den urtean. Eskualdeko lau herritan egin dituzte egonaldiak artistek: Beran, Lesakan, Leitzan eta Saran. Jon Abril beratarra eta Gaizka Sarasola lesakarrak bi lan sortzeko aukeratuak izan dira

Geuretik Sortuak bekaren bigarren edizioa antolatu du aurten Udalbiltzak. Euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatu nahi dituen zirkuitu nazionala da Geuretik Sortuak. Abiapuntua erraza du proiektuak: bekara aurkeztu eta saritutako sortzaile bakoitzari herri bakarra edo herri multzoa egokitzen zaizkio, eta sortzaileak bertan bi astetako egonaldia egin ondotik sormen lan bat egin beharko du bertako errealitatean oinarrituta.

Lau izan dira aurten bekak garatzeko aukeratutako modalitateak: literatura, antzerkia, zinemagintza eta komikigintza. Denera 39 herrik hartu dute parte eta 22 artista saritu dituzte.

Eskualdeko lau herritan TTIPI-TTAPA hartzen duen eremuak ere badu presentzia bekan. Lehen edizioan Leitzak alde batetik, eta bertzetik Berak eta Lesakak hartu zuten parte. Aurten bertze herri bat batu zaie hiru herri horiei: Sara. Gauzak horrela, Leitza Berastegirekin batera aurkeztu da, eta Bera eta Lesaka Sararekin eta Urruñarekin.

Aurten sortuko dituzte lanak eta 2024an erakutsiko dituzte

Bi herrietan komikigileak dira beren proiektua garatzen ari direnak, Unai Gaztelumendi lehen bietan eta Aritz Ibarra bertze lauretan. Sortzaileak egonak dira eskualdean jada, eta idazketa eta marrazketa fasean murgilduta daude orain. Ibarra Lehen Mundu Gerrari buruzko lana osatzen ari da, Gaztelumendik, aldiz, muga hartu du gaitzat eta Leitzak eta Berastegik duten harremanaz eta harreman faltaz ari da idazten.

Eskualdeko herriez gain, eskualdeko bi sortzaile ere izan dira aukeratuak: Jon Abril Olaetxea beratarra eta Gaizka Sarasola Iarzabal lesakarra. Biak literatura modalitatean saritu dituzte eta ipuin bana idaztea egokitu zaie. Ondotik, idatzitako ipuin denak liburu bakarrean bilduko dituzte.

Sarasolak Bizkaiko Larrabetzu herrian egin du egonaldia misterio-ipuin bat sortu du bertan.  Abril, aldiz,  Atharratzen, Zuberoan, izan da eta herri ttikien hustean oinarrituko du bere fikzio-ipuina.

Sormen egonaldiak bukatuta, idazteka fasean daude orain eta iraila erdialderako entregatu beharko dituzte beren lanak. Lehen edizioan Iban Garro lesakarra saritu zuten, eta iaz argitaratu zuten Garrok Urepeleko egonaldian egindako sormen lana.

Egindakoa erakustea

Bi zati ditu bekak, sormenarena eta eta erakustearena. Lehen fasea irailean bukatuko dute sortzaileek eta ondotik etorriko da bigarrena, egindako lana plaza publikoan zabaltzearena. Horretarako, Udabiltzak aurkezpen zirkuitu propioa prestatu du. Heldu den urtetik aitzinera bekara aurkeztutako sortzaileek beren proiektuak aurkeztu beharko dituzte jendaurrean, bai egonaldia egindako herrian, baina baita bertatik kanpoko bertze herri batzuetan ere. Horrela, sortzaileek bermatuta izanen dute beren lana erakusteko aukera, eta bekan parte hartzen duten herrietako biztanleek hainbat sorkuntza ikusteko aukera izanen dute beren herrian.

Aurten uzta landatu, eta heldu den urtean bilduko dute, beraz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun