Berak espresuki hala erabaki du: «Lana aurkezteko orduan ez nuen zalantzarik izan, garbi nuen narrazioa probatu nahi nuela eta horretarako baliatu nahi nuela esperientzia».
Bekaren ezaugarriek bultzatu dute bere proiektua aurkeztera: «Normalean inguruko errealitateak eta historiak transmititzen ditugunetik sortzen ditut antzerkiak eta Geuretik Sortuak ekimenak ere antzeko planteamendua du eta horregatik erabaki nuen aurkeztea».
Larrabetzun, Bizkaian egin du egonaldia Sarasolak. Bi txandatan egin du, uztailean, sanferminen ondotik lehenengoa, eta abuztu erdialdean bigarrena. «Lehenengo txandan informazioa bildu, hango jendearekin egon, jendea ezagutu... Batez ere informazio bilketan eta lekua ezagutzen aritu nintzen. Abuztuko egonaldian, aldiz, idaztea zen helburua».
Fikziozko lan bat da Sarasolak Larrabetzun girotu duena: «herrian desagertze bat izaten da eta hori ikertuko duen pertsonaia bat izanen da», azaldu du.
Gustura dago Larrabetzun egindako egonaldiarekin, eta herritarrek «harrera ona» egin diotela iruditzen zaio. «Harrera ona egin didate, bertako jendearekin hagitz ongi moldatu naiz». Gainera, Larrabetzu lanerako herri interesgarria iruditu zaio: «Herria bizia da, kanpoan aunitz egoten dira eta herritarrek, haurrek zein helduek beraien artean harreman haundia dute».
Interesgarria iruditzen zaio horrelako bekak izatea, batez ere amu gisa funtziona dezakeelako: «Nik uste dut sorkuntzarako amuak eskaintzea beti ongi dagoela. Gainera, bada jendea kultur sorkuntzara gehiegi hurbiltzen ez dena, eta baldin badakite bekari esker sortzaile bat bere inguruko kontuak lantzen ibili dela, horientzako ere amu bat da eta interesa sortzen ahal du kultur adierazpide desberdinetara hurbiltzeko». Bertze kontu bat ere nabarmendu du: «gure herrietako errealitate desberdinak bertze modu batez azaleratzeko aukera ere maten, du Geuretik Sortuak proiektuak, bertze ikuspegi batzuk izatekoa».