Aitzinetik ere publikatu izan ditu ipuinak, eta beraz, ez da formatu arrotza beretzako. «Bekaren formatua bera hagitz erakargarria egin zitzaidan, aitzinetik eskatzen dizulako gaia pentsatzea eta egokitzen zaizun herriarekin lotura duen fikzio bat sortzea. Gainera, ariketa bezala polita iruditzen zait aukera eman dutelako aitzinetik zerbait pentsatzeko, baina dena pentsatua ez izateko». Gainera, bere kasuan, egunerokotasunetik eta lanetik eskapo egiteko eta sormen prozesuan murgiltzeko aukera eman dio bekak, eta «luxutzat» du hori Abrilek.
Hasieratik definitu zuen gaia: herri ttikien hustea. «Bada gai bat atentzioa ematen didana, bereziki Huescan egindako egonaldi baten ondotik. Gure inguruan ere gertatu da eta gertatzen ari da». Gaia argi izanda, egonaldia Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian egiteak zuen «zentzu gehien» Abrilen hitzetan bertan gertatzen baita fenomeno hori, eta pozik da Atharratze egokitu zaiolako.
Apirilean egin zuen lehen egonaldia, eta batez ere jendearekin egoteko aprobetxatu zuen: «Jendea ezagutu, ikusi bertakoak nola bizitzen duten herrian hustearena, bakoitzak hartzen dituen bideak, zergatik erabakitzen duen bertan gelditzea... Horrelako gauzak landu nituen eta ikusi nuen gatazkaren bat edo bertze sortzen dela euren artean». Bigarren egonaldia, abuztuan egin zuen, idazteko.
Atharratzen egondako denboraren oroitzapen «aski goxoa» du: «Luxua izan da. Gauzak aunitz erraztu dizkidate, eta horrek aukera eman dit bertako jendearekin patxadan egoteko, beraien proiektuak ezagutzeko... Jendeak hagitz gustura hartu nau».
Aurkezpenak egiteko tartea izanen du heldu den urtean eta hori bizitzeko ere gogotsu da. «Sekulakoa da 6-7 aurkezpen bermatzea, are gehiago ipuin baten kasuan. Uste dut hagitz interesgarria dela sortze prozesua nolakoa izan den azaltzeko aukera ematen duelako, eta zirkulua borobiltzen duelako».
Luxutzat du Udalbiltzak emandako aukera: «Parte hartzaile batek erran zidan ez nuela esperientzia hain erraz ahaztuko eta egia da. Ez da idaztea bakarrik, komunitate batean murgiltzen zara, eta sormenaren aitzakian harrera egiten dizute. Horretarako hagitz aukera gutti daude».