Aritz Ibarra Agirrezabal

«Sortzaile guztiak animatuko nituzke bekara aurkeztera»

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 17a, 11:00

Gasteiztarra da Ibarra eta Lapurdin eta Nafarroan egin du egonaldia.

Lapurdin eta Nafarroan, Saran,  Urruñan, Beran eta Lesakan egin du Geuretik Sortuak bekaren egonaldia Aritz Ibarra Gasteizko komikigileak. Lehen Mundu Gerrak Euskal Herrian izandako ondorioak hartu ditu gaitzat, eta horren inguruko komikia osatzen hasi da

Azaldu duenez, bekaren aitzinetik ere hasia zen gaiaren inguruko komikia prestatzeko lanetan: «Epe luzerako proiektu bat zen, baina aukera hau ikusi nuenean ez nuen dudarik izan. Hasierako asmoa Gasteiztik idaztea zen, baina bekak aukera eman dit gaia bertatik bertara lantzeko».

Lehen mundu gerra eta horren ondorioak hartu ditu gaitzat Ibarrak: «Gizakia muturrera eraman zuen gertakaria» izan zen eta harrigarria da hegoaldean zer gutxi ezagutzen dugun. Iparraldeko herritarrak  borrokara joan ziren behartuta, baina guk ez dugu horren berri. Proiektuak balio izan dit ikusteko noraino ditugun sartuak bai Frantziaren eta bai Espainiaren imajinarioak gure barruan».

Pozik da Udalbiltzak emandako aukerarekin: «Ni etxean, nire logelan lan egitera ohituta nago, bertatik atera gabe, eta sekulako aukera izan da kanpoan lan egiteko». Saran, hasi zuen egonaldia, handik Urruñara jo zuen eta Beran eta Lesakan eman zituen azken egunak. Eskualdean emandako egunak, batez ere herritarrekin egoteko aprobetxatu zituen eta gauza batek harritu du gehien: «Hegoaldeko herritarrentzat ezezaguna da gertakaria. Kilometro gutxitan pertzepzioa erabat aldatzen da».

Lau herrietako egonaldia bukatuta, komikia egiteko lanean buru-belarri murgilduta dago orain Ibarra. Irailaren 20an entregatuko du lana, eta asmoa «irailaren 19ra arte lanean aritzea da», ahalik eta lanik osoena egiteko. Komikia entregatzearekin, ordea, ez da hor bukatuko bere eginbeharra, ondotik aurkezpenak egitea egokituko baitzaio bai. Horrekin ere pozik da Ibarra: «Nik beti esaten dut komikia entregatzea prozesuaren %50 bakarrik dela, eta gogotsu nago bigarren zati horretarako ere, gaia gizarteratzeko».

Bekak eskaintzen duen esperientzia «erdia» bizita,  oso pozik dago Ibarra, aukera « polita» izan baita beretzat. Gehiago ere erran du: «Sortzaile denak animatuko nituzke bekan parte hartzera aukera ematen dizulako nahi duzun hori egiteko, eta zuk nahi duzun gaiari buruz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun