Proiektu zehatz bat baino, lanerako metodologia bat aurkeztu zuen bekara: «herrira joatean nola lan egin nahi nuen azaldu nuen, historia zehaztu gabe, nahiko proposamen irekia zen». Sorpresa izan zen hautatua izatea beretzat: «Nire proiektua lausoagoa zen, baina nik banekien zer egin nahi nuen eta nahiago nuen gero gustura egingo ez nuen zerbait aurkeztu baino, gero egiatan prozesuan murgildu eta harro egongo nintzen zerbait sortzea».
Berastegin eta Leitzan egin zuen egonaldia Gaztelumendik, aste santu ondoren. «Oso-oso gustura ibili nintzen, oso ondo hartua izan nintzen bi herrietan», azaldu du. Bi herrietako egonaldia, lanerako baino, inspiraziorako erabili zuela dio: «Garai lausoa izaten da, lan konkreturik egin gabe, herrian paseatu, herritarrekin egon, mendi buelta pare bat egin bi herrien arteko mugan izan nintzen pare bat aldiz...».
Egokitutako herriak Leitza eta Berastegi zirela jakin zuenetik argi izan zuen zeri buruzko komikia sortuko zuen: «bi herriek mugakideak dira, bat Gipuzkoa, bestea Nafarroa, bi administrazio diferente. Bi herrien artean daukaten harremanari buruz eta ez daukatenari buruz hitz egin nahiko nuke komikian».
Horren ondotik tokatuko zaio bigarren fasea, herriz herri komikiaren aurkezpenak egitearena. Bertsolaria ere izaki, ohitua dago plaza aitzineko jardunera, baina komikigile bezala esperientzia diferentea dela dio: «Bertsolaritzan berehala jasotzen dugu publikoaren erantzuna. Marraztea, aldiz, itzalpeko lana da, sortu eta publikatu egiten duzu baina ez dakizu jendeak nola hartuko duen eta polita da jendearekin egotea, beren iritzia jasotzea eta elkarrizketak partekatzea». Egonaldia Leitzan egin duenez gero, aurkezpena ere bertan egin beharko du.
Orain artekoarekin «oso pozik dago Gaztelumendi»:«Ez dut beste bekarik ezagutzen horrelako baldintzetan lan egiteko aukera ematen duenik. Ni oso ondo hartu naute Leitzan eta Berastegin. Lan egiteko baliabide perfektuak jarri dizkidate bi herrietan, zoragarria izan da. Orain nire etxeko lana da egin behar dudana, eta horretan ari naiz. Oso pozik nago proiektuarekin».