*‘Geldierazi’ ala ‘geldiarazi’?

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 10a, 10:00

Tradizioan, -arazi formaz gainera, -erazi, -erazo, -arazo aldaerak ageri dira. Euskara baturako, ordea, -arazi aldaera gomendatzen du Euskaltzaindiak: harrarazi, jokarazi... Salbuespen bakarra adierazi da.

Aitzineko aditzoinari lotua idatziko da beti -arazi: harrarazi, erorarazi, iraunarazi, hilarazi, betearazi, galarazi, geldiarazi, ezagutarazi, nabarmenarazi, haserrearazi, ihardetsarazi, inarrosarazi.

-araziren aitzineko aditza a bokalaz amaitzen baldin bada, a biekin bat eginen da: aldarazi, benedikarazi, jokarazi, koordinarazi, obligarazi, sozializarazi.

Izan zen zalantza aditz jakin batzuekin —erdiko -t- beharrezkoa ote zuten ala ez—, baina kontua erabakita dago: -t- gabekoak dira baturako formak agerrarazi (*agertarazi), sorrarazi (*sortarazi), ezkonarazi (*ezkontarazi)...—, nahiz salbuespenik ere baden —ulertarazi, ohartarazi, urtarazi eta agintarazi—.

Badira erdian -t- bat duten aditz gehiago ere: ezagutarazi, botarazi, gezurtarazi, tristarazi, jostarazi, gertarazi..., baina halakoetan dagoen -t- hori ez da loturakoa, aditzoinarena berarena baizik (ezagut-, bota, gezurta-, trista-, gerta-...).

*Oharra: Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun