Aitzineko aditzoinari lotua idatziko da beti -arazi: harrarazi, erorarazi, iraunarazi, hilarazi, betearazi, galarazi, geldiarazi, ezagutarazi, nabarmenarazi, haserrearazi, ihardetsarazi, inarrosarazi.
-araziren aitzineko aditza a bokalaz amaitzen baldin bada, a biekin bat eginen da: aldarazi, benedikarazi, jokarazi, koordinarazi, obligarazi, sozializarazi.
Izan zen zalantza aditz jakin batzuekin —erdiko -t- beharrezkoa ote zuten ala ez—, baina kontua erabakita dago: -t- gabekoak dira baturako formak —agerrarazi (*agertarazi), sorrarazi (*sortarazi), ezkonarazi (*ezkontarazi)...—, nahiz salbuespenik ere baden —ulertarazi, ohartarazi, urtarazi eta agintarazi—.
Badira erdian -t- bat duten aditz gehiago ere: ezagutarazi, botarazi, gezurtarazi, tristarazi, jostarazi, gertarazi..., baina halakoetan dagoen -t- hori ez da loturakoa, aditzoinarena berarena baizik (ezagut-, bota, gezurta-, trista-, gerta-...).
*Oharra: Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.