Erdal hitzen deklinabidea

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 3a, 09:30

Gurean tradizio idatzirik ez duten erdal hitz berri batzuk jatorriz idazten diren bezala idazten dira euskaraz ere, grafia aldatu gabe: bungalow, campus, chantilly, collage, curriculum, sandwich, Google, Greenpeace, Shakespeare, Sydney...

Horietako batzuek ez dute arazorik sortzen deklinatzeko, garbi baitago hitza. Eta gainerakoen deklinabide berbera dute: judoa daukat; karatean aritu; balleta dantzatu; campingik ez aurkitu (kanpin forma ere ageri da Euskaltzaindiaren Hiztegian; beraz, idatz daiteke kanpinik ez aurkitu ere)...

Bertze erdal hitz batzuetan, ordea, hitzaren azken letra eta hitz horren fonema ez datoz bat. Halakoetan, zalantza sortzen da: nola deklinatu behar dira, adibidez, Shakespeare? ala [xekspir]?, François? ala [franzua]?, croissant? ala [kruasan]?...; Alegia, zer hartu behar da kontuan deklinabide-atzizkia eransteko orduan, letra ala hotsa? Hauek dira gomendioak:

  • y letraz amaitutako hitzak i letraz amaitutako hitzak bezala deklinatzen dira.
    • Sidneyko biztanleak.
    • Annecyn bizi zen, baina Jerseyra (*Jerseyera) joan zen bizitzera.

 

  • w letraz amaitutako hitzak u letraz amaitutako hitzak bezala deklinatzen dira.
    • Bungalowraino lagundu nion (*bungaloweraino)
    • Gaurko showko protagonista Miren izan da (*showeko)

 

  • h letraz amaitutako hitzak, idatziz, azken hatxea kontuan hartu gabe deklinatzen dira. Hau da, amaierako hatxearen aitzineko letra kontuan hartuta, dagokien bezala deklinatzen dira. Hatxez amaitutako hitzak deklinatzean, izen berezia izan zein izen arrunta izan, marratxoa erabil daiteke izenaren berezko itxura agerian uzteko gisan. Marratxoa erabiltzea ez da nahitaezkoa, aukerakoa baizik.
    • Sarah-ren lagunak.
    • Sarah-k idatzitako gutunak.

*Oharra: Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun