Kultur etxea, kultura-etxea edo kultura etxea?

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 4a, 09:30

Euskaltzaindiaren arabera, hirurak zuzenak dira. Berez a itsasiak ez dira galtzen elkarketa egiten denean, eta hitzak bere osotasunean eman behar dira, marratxoarekin edo gabe:

  • *hezkuntz proiektu, *hezkuntz-proiektu > hezkuntza proiektu, hezkuntza-proiektu

  • *ikerkuntz deialdi, *ikerkuntz-deialdi > ikerkuntza deialdi, ikerkuntza-deialdi

Salbuespen honako sei hitz hauek dira: burdina, eliza, hizkuntza, kultura, literatura eta natura. Hitz horiek hiru aukera dituzte arauz.

Alegia, a gal dezakete, eta orduan, bereiz idatzi behar da hitz elkartea: kultur etxea, eliz agintaria, hizkuntza gaitasuna, kultur emankizuna, literatur tradizioa, natur zientziak. (Ez dira zuzenak *kultur-etxea, *eliz-agintaria, *hizkuntza-gaitasuna, *kultur-emankizuna, *literatur-tradizioa,  *natur-zientziak…)

Edo gorde dezakete a, eta orduan, aukerakoa da marratxoa: eliza(-)zerga, hizkuntza(-) eskola, kultura(-)produkzioa, literatura(-)joera, natura(-)gertakaria…

Araua hori izanik ere, sei hitzok ibilbide propioa egin dute. Zientzia-eta teknika-liburuetan eta ikasliburuetan a hori ez kendu eta marratxoa erabiltzeko joera nagusitu da: natura-erreserba, natura-parke, hizkuntza-politika… Literaturan eta prentsan, ordea, marratxoak presentzia txikia du, eta horixe da TTIPI-TTAPAk hartua duen bidea: marratxoa aukerakoa denean ez du erabiltzen.

*Oharra: Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun