Euskaltzaindiak dioen bezala, NONDIK kasuak bi balio nagusitu ditu, oro har:
- Abiapuntua adieraztea: Etxetik etorri zen.
- ‘Barrena edo zehar’ ideia adieraztea: Oihanetik (oihanean zehar) ibili zen.
Aunitzetan, ordea, gaztelaniaren eraginez-edo, NONDIK kasua erabiltzen da, berez NON kasua erabili beharko litzatekeen tokian. Adierazitako -tik kasuak ‘barrena’ edo ‘zehar’ adiera ez badu, NON kasua da egokia gisa honetako esaldietan:
- ?Menditik dabil > Mendian (menditik zehar) dabil.
- ?Karrikatik ikusi dut > Karrikan (karrikatik zehar) ikusi dut.
- ?Hortik (al) dabil Patxi? > Patxi hor (al) da(go)/dabil?.
- ?Utzi espediente hori hortik > Utzi espediente hori hor nonbait / hor(tik) zehar.
- *Lehen, asko etortzen zen gure dendatik > Lehen, asko etortzen zen gure dendara.
Sinonimoak dira -n barna (Eratsunen barna dabil), -n gaindi (Elkarrekin zebiltzan Narbarten gaindi), -n zehar (Mendian zehar dabil), eta -n barrena (Odola atorran barrena dariola). Guztiek onartzen dute -tik kasua, baina -n baino guttiago ageri da tradizioan eta -n aldaera erabiltzen da nagusiki.
*Oharra: Izartxoa dutenak gaizki daude eta '?' zeinua daraman adibidearen gramatikaltasuna zalantzazkoa da.